Elias Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkio laugarren promozioari, ikasleei ongietorria eta harrera eginez. Atzo abiatu zuten 2021-2022 ikasturtea, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2022ko abenduan, ikasleek eskolan landutako proiektuak aurkezten dituztenean.
Zines Esolaren Zuzendaritza Akademikoa osatzen duten eragileen batek (Euskadiko Filmategia, Tabakalera eta Donostia Zinemaldia) ordezkaritza batek hautatu ditu ikasle berriak. Orotara 128 hautagaiek erantzun zioten matrikulazio deiari, eta 45 pertsonek gainditu dute prozesua. 30 emakumek eta 15 gizonek osatutako taldea izango da: 2 EAEkoak dira eta gainerakoak nazioartetik etorritakoak; Espainia, Argentina, Brasil, Txile, Costa Rica, Kroazia, Ekuador, Estatu Batuak, Fantzia, Japonia, Mexiko, Peru, Portugal eta Erresuma Batutik, besteak beste..
Haien profilari dagokionez, zinemagileak dira, jaialdietan eta museo eta galerietan estreinatu eta sarituak izan diren filmak (laburrak eta luzeak) edo instalazioak dituztenak, Ikus-Entzunezko Komunikazioan, Gizarte Komunikazioan, Zinema eta Telebistan, Artearen Historian, Arte Ederretan, Gizarte Antropologian, Ondarearen Kontserbazioan, Arkitekturan, Zientzia Politikoetan, Filogogian eta Literaturan graduatu direnak, eta beste zinema eta arte eskola edo unibertsitate batzuetan trebatu direnak (Academy of Drama Arts – Zagreb, Ar.Co, Boston University, ECAM, EFTI (Nazioarteko Argazkilaritza eta Zinema Zentroa), EICTV, ESCAC, Lisboako Zinema eta Antzerki Goi Eskola, KASK School of Arts, EICTV, Pontificia Universidad Católica de Chile, Pratt Institute, Universidad Carlos III, Universidad del Cine (FUC), Pompeu Fabra Unibertsitatea, Universidade Federal de Minas Gerais, Universitat Autònoma de Barcelona, University of Oxford, UPV/EHU…); adituak, zinema ekoizpenean eta banaketan; zinema jaialdien, filmoteken, zikloen, programen edo erakusketa eta instalazio artistikoen ekoizpenean, kudeaketan eta programazioan esperientzia duten komisarioak; zinematografia kolektibo independentetako kideak; ikertzaileak eta profesionalak, esperientzia zabala dutenak hainbat arlotan, hala nola edizioa, muntaketa, argazkilaritza, soinua, diseinua…
Ilusioz eta gogoz ekin zioten atzo ikasturteari, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioa inauguratu baino lau egun lehenago. Izan ere, ikasleek (hirugarren nahiz laugarren promoziokoak) agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldian, eta horren bidez proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute. Behin jaialdia bukatuta, irailaren 28an, hasiko dituzte eskolak.
Andrei Ujica zinemagile errumaniarrak (Timisoara, 1951) emango du 2021-2022 ikasturtearen hasierako eskola magistrala. Literaturako prestakuntza jaso ondoren, Ujicak zinema egitea erabaki zuen, 1991ean eta ordutik mundu osoko jaialdietan eman dira haren filmak. “Platonen haitzuloa, gris kolorea eta zinema” izenburua izango du, irailaren 14tik 16ra, ikasleei emango dien eskolak, eta zinemaren etorrerari eta “arte herrikoiaren” eta “arte jasoaren” arteko haren tentsioari buruzko gogoeta planteatzea izango du helburu.