Iragan larunbatean itxi zuten Animadeba jaialdiaren 14. ekitaldia musikaz jantzitako sari-banaketa galarekin, eta epaimahaiaren eta ikusleen sari nagusiak Paul Mas zinemagilearen Precious filmak eskuratu ditu. Work in Progress saileko garaikurra, ostera, Izar Films ekoiztetxearen Azkena proiektuarentzat izan da, eta epaimahaiaren aipamen berezia Alberto Vazquezen Homeless Home arrakastatsuak eraman du.

Inoizko ediziorik borobilena izan da aurtengoa, hamaika emanaldi eta orotariko jarduera paraleloak eskaini baititu Debako animazio zinemaldiak. Nazioartetik etorritako hamar ekoizpen lehiatu dira Sail Ofizialean, eta Carolina López, Marie Paccou eta Pedro Rivero adituek osatutako epaimahaiak zein jaialdiko ikusleek ebatzi dituzte festibaleko sari nagusiak. Bada, biek ala biek bat egin dute Paul Mas zinemagile frantziarraren Precious proposamena goraipatzerako orduan. Jazarpena eta laguntasuna bezalako gaiak ditu aztergai nazioarteko hainbat jaialditan saritu duten hamalau minutuko filmak, eta aurrera egin ahala, protagonistak jasandako tentsioak eta presioak indartu egingo dira, ikuslearen barrenak astinduz.

Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Alberto Vazquezen Homeless Home drama ilunari, krisi ekonomikoaren eraginez sorterrira itzuli behar izan direnen inguruko gogoeta egiten duen lana, eta gidoi onenaren garaikurra Mathilde Parquet frantziarraren Trona Pinnacles istorioarentzat izan da; Death Valleyko paraje lehorretan harrapatuta sentituko den 19 urteko Gabrielle da filmeko protagonista, eta elkarri hitzik egiten ez dioten gurasoen arteko tentsiotik ihes egin nahiko du.

Miren Aperribay, Miren Bersategi eta Aitor Arenas euskal adituek, beren aldetik, Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons zinemagileek, Izar Films ekoiztetxearen babesean, garatu nahi duten Azkena film labur proiektua saritu du. Eta iragan abuztuaren 30ean aurkeztu zituzten K Sarietan lehena banatu dute Animadeban: Noah Macuhly estatubatuarraren lerro gordineko Mouse proposamenak jaso du Euskal Herriko lau zineklubek eta bost zinema festibalek emandako garaikurra. Egungo gizarteari umorearen bidez eginiko kritika nabarmendu du epaimahaiak, eta sortzaileak, eskura zituen baliabideak erabilita, animazio ikusgarria garatzeko izaniko ausardia.

Gogoan izan, gainera, jaialdia amaitu den arren, festibaleko sail nagusietan parte hartu duten lanak irailaren 22ra arte izango direla ikusgai Filmin plataforman. Bost multzotan daude eskuragai, Sail Ofizialeko bi saio, Panorama saileko beste bi, eta Zuzendari Berriak EHU sailekoak, eta bakoitza 3,95 euroren truke erosi daiteke.

Informazio osagarria Animadeba jaialdiaren webgunean topatuko duzue.