Iragan abuztuaren 30ean egin zuten Tabakaleran sortu berri dituzten K Sarien aurkezpen-ekitaldia. Zinekluben eta zinema jaialdien arteko elkarlanetik ernaldu den proiektuak lehen urratsa egin du asteburuan, Animadeba festibalean Noah Macuhly estatubatuarraren Mouse lanari eman baitioten garaikurretan lehena, eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Zineklubak eta Zinemaldiak: iragana, oraina eta geroa topaketa egingo dute irailaren 23an, jaialdiko azpiegituretan.
Donostiako Kresala, Beasaingo Goieniz, Azkoitiko Zinetogram eta Urretxu-Zumarragako Butak21 zineklubek, Animadeba, Donosskino, Zeinu Hizkuntzaren Jaialdia, Zinetika eta Amua festibalekin elkarlanean, K Sariak sortu dituzte aurtengo udan. Batzuen lana ikusaraztea, eta besteek eskainitako edukiei zabalkundea ematea ditu helburu ekimenak, eta eragile gisa, lehen hausnarketa saioa antolatu dute Donostia Zinemaldiko Gogoeta Plazan, Zineklubak eta Zinemaldiak: iragana, oraina eta geroa izenburupean. Festibalek, zineklubek eta zinema industriako beste eragileek izandako elkarlanak aztertuko dituzte, lehiakideak ala aliatuak diren jakiteko, eta haien etorkizunaz eztabaidatuko dute.
Javier Tolentino ardurako da saioa dinamizatzeaz, eta hiru gonbidatu ariko dira solasean: Sara Hernandez Zinemaldia 70: Historia posible guztiak Elias Querejeta Zine Eskolaren ikerketa taldeko ordezkaria, eta egun, Tabakalerako zine unitateko programen koordinatzailea; Joan Sala Filmin eta Atlantida Film Fest argitalpenen koordinatzailea eta programatzailea; eta Ander Gisasola K Sarien talde bultzatzaileko kidea, Kresala Zineklubaren bidez. Bakoitzak bere esperientziatik eta bizitako kasuetatik landuko du gaia.
Topaketa irailaren 23an, osteguna, 12:00etan egingo dute 69. Donostia Zinemaldiko Keler Espazioan. Bertan izateko, akreditazioa ala gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa izango da, eta aurretik lekua erreserbatu beharko da K_sariak@kresalazinekluba.com helbidean.