Abian da telesailak, telesail laburrak eta fikziozko dokumentalak ardatz dituen Conecta Fiction jarduera-programaren bigarren fasea. Irailaren 13tik 17ra egingo dute, birtualki zein presentzialki, zazpi proiektu finalisten parte hartzearekin.

Conecta FICTION programak eta Akitania Berria (Frantzia), Euskadi zein Nafarroa barne hartzen dituen NAEN Euroeskualdeak telesailak, telesail laburrak eta fikziozko dokumentalak ardatz dituzten jarduera-programa berria abiarazi dute. Ekainaren 28tik 30era bitartean ospatu zuten lehen fasea, online, eta bertatik igarotako zazpi proiektuk parte hartuko dute gaur abiatuko den bigarren fasean.

Ondorengoak dira finalistak: Luis Mariano, todos los colores del arco iris (Lumiere Produkzioak); Entre muros (Bixagu Entertainment, S.L.); Azken abestia (Gariza Films); Gaia (Aura Pictures); Final cut (A Film To Kill For); Via sacra (Macondo Productions); eta Matadero Franklin (Black Panther Films, S.L.)

Proiektu horiek aukera izango dute garapenera zuzendutako kontratuak sinatzera bideratutako hainbat sari irabazteko; esate baterako, France 3 Nouvelle-Aquitaine saria edo EITB saria, bakoitza 10.000 eurokoa; edo 6.000 euroko NAEN Euroeskualdea saria, hau ere proiektu-garapenera zuzendutakoa. Gainera, Acorde Music Library saria eskuratzen duenak musika-liburutegi horretako produktuetan 1.500 euro gastatzeko aukera izango du. Azkenik, Navarra Televisión saria eskuratzeak sustapen-klip baten grabaketa egin eta Navarra Televisión kateko programetan ezagutzera emateko aukera eskainiko die.

Gainera, hitzordu horretan ‘Euroregion NAEN Showcase’ saioa burutuko da. Bertan, hiru eskualdeek egindako koprodukzio-gida aurkeztu, NAEN Euroeskualdean ekoiztearen ezaugarriak eta abantailak ezagutarazi, eta azken urteotan arrakasta izan duten Euroeskualde mailako hainbat proiektu aztertuko dira. Era berean, zuzeneko networking saio batean esku hartuko dute ikus-entzunezko industriako eragile nagusiek eta Euroeskualdeko erakundeek, harremanak indartu, sinergiak sortu eta ekimenak partekatzeko.

Horrez gain, Conecta Fiction topaketaren egitarauak nazioarteko profesionalei zuzenduriko ekintzak hartuko ditu: aditu-taulak, pitching saioak, hitzaldiak eta hiria ezagutzeko ‘Street meetings’ ekintzak egingo dira, baita telebistara zuzenduriko fikzio-industriaren egungo egoera ulertzeko eta aukerak aprobetxatzen ikasteko saioak ere. Halaber, publiko orokorrarekin konektatzeko ekintza irekiak egingo dira irailaren 14an eta 15ean; besteak beste, Espainian oraindik estreinatu ez diren hiru telesailaren estreinaldi esklusiboa.

Egitarau osoa, hemen: www.conectafiction.com/programa-general.