Lara Izagirre zinemagilearen Nora proposamena iragan ostiralean, irailak 3, estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, eta asteazkenaz geroztik, Ipar Euskal Herriko zinegeletan dago ikusgai. Gaur, irailak 10, abiatuko du bigarren astea, eta kopia gehiago prestatu behar izan dituzte, filmaren harrera ona ikusita. Asteburuan film europar ikusiena izan zen EAEn.

Iragan Donostia Zinemaldian ikusi zuen argia Izagirreren bigarren film luzeak, eta pandemia tarteko, aretoetara iritsi arteko bidea espero baino gehiago luzatu bada ere, lasaitasunaz gozatu dutela aitortu du sortzaileak. Estreinaldiaren aurretik, gainera, hainbat jarduera berezi prestatu dituzte: udan aurkeztu zuten Izaro musikariak filmerako osatu zuen kantaren bideoklipa, abeslariak Lekeition eskainitako kontzertuan, eta joan zen astean Getxoko Autozinean egin zuten lanaren aurre estreinaldia. Ostiralean heldu zen, azkenik, Hego Euskal Herriko aretoetara, eta film europar ikusiena izan da asteburuan. Aste honetan, ostera, filmaren aurkezpen bira egiten ari dira Ipar Euskal Herriko hiri nagusietan.

Gaurtik aurrera, zinema areto gehiagotan izango da ikusgai 30 urteko Norak Euskal Herriko kostaldean egingo duen bidaiaren inguruko kontaketa intimo eta goxoa. Euskal Herriari dagokionez, Getxoko, Lekeitioko, Galdakaoko, Bilboko, Gernikako, Beasaingo, Zarauzko, Eibarko, Oñatiko, Tolosako, Donostiako, Gasteizko, Iruñeko, Urruñako, Miarritzeko, Donibane Garaziko, Hazparneko, Baionako, Donibane Lohizuneko, Getariko, Kanboko, Hendaiako, Mauleko, Donapauleko eta Arudiko zinemetan eskainiko dute ikus-entzunezkoa datozen zazpi egunetan, eta horrez gain, Laredon, Madrilen, Majadahondan, Valladoliden, Bartzelonan, Lleidan, Zaragozan, Palman, Santanderren, Valentzian, Alacanten, Malagan, Ferrolen, Santiago de Compostela eta San Bisentsen ere emango dute.

Euskal Herri osoan aldi berean estreinatu den lehen ekoizpena izan da Nora, Gastibeltza Filmak eta A Contracorriente banaketa etxeen bidez. Eta hilaren 20an, astelehena, Zornotzako Zinemaren Astean hartuko du parte. Dena den, programatutako saio guztietarako sarrerak amaituta daude jada.