Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratutako Saison Québec-Pays Basque ekimenean, Euskadiko Filmategiak eta Cinémathèque Québécoisek elkarlanean prestatu zuten eta apiriletik ekainera Donostian eta Bilbon burutu zuten zinema zikloa izan zen programaren lehen mugarria. Bada, irailean zehar euskal zinema garaikidea bistaratuko dute Montrealen, eta besteak beste, Montxo Armendarizen Tasio (1984), Roberto Castónen Ander (2009) eta Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak (2016) eskainiko dituzte.

Hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea du jomugan Etxapre Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratutako ekimenak. Tokian tokiko kultura hedatzeko ez ezik, kultur eragileen arteko harremana eta ezagutza estutzeko asmoz osatu zuten programa, eta besteak beste, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Tabakalera eta Euskadiko Filmategiaren babesa izan dute berau osatzeko.

Zinemari dagokionez, apirilaren 1ean, osteguna, abiatu zuten Donostiako Tabakaleran eta hilaren 3an Bilboko Arte Ederren Museoan, hiru hileko iraupena izan zuen Quebeceko zinemari eskainitako zikloa, eta orain, euskal zinemagintza Quebecen ikusarazteko ordua iritsi da. Hala, irailaren 9tik 24ra, hamabi film proiektatuko dituzte Montrealgo Cinémathèque Québécoisen egoitzan, Basque contemporains izenburupean. Ondorengoak dira euskal zinemagintza garaikidearen lagin esanguratsu gisa hautatu dituzten proposamenak:

  • Montxo Armendarizen 1984ko Tasio
  • Julio Médemen 1992kko Vacas
  • Roberto Castónen 2009ko Ander
  • Asier Altunaren 2015eko Amama
  • Lara Izagirreren 2015eko Un otoño sin Berlín
  • Iratxe Fresnedaren 2016ko Irrintziaren oihartzunak
  • Jon Garaño eta Aitor Arregiren 2017ko Handia
  • Telmo Esnalen 2018ko Dantza
  • Koldo Almandozen 2018ko Oreina
  • Fermin Muguruzaren 2018ko Black is Beltza
  • Imanol Rayoren 2020ko Hil kanpaiak
  • Mireia Gabilondoren 2020ko Erlauntza

Ekimenaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, sartu Etxepare Insitituaren webgunean.