Zuzendaria: Julia Ducournau
Urtea: 2021
Herrialdea: Frantzia

Emakume gazte bat, likrazko arropa estu eta distiratsuz jantzia, fluor berdezko sareta mediak aldakaraino daramatzala. Suzko irudia duen autotzarraren gainean eragiten gorputza, lizunkiro, izerdi hezean. Ziraldo birakorrak gerrian, azala eta makina, metala eta hezur-mamia, biak ala biak merkantzia. Performance erotiko industrialean murgilduak, erotizazio futurista, produkzio fordistaren limurkeria, begiekin ukitzekoa den tabu gutiziatua erakustokian, oximoroi ziborga, biogorputza, alderantzizko proportzionalean higitzen den balorizazio eta debaluazio estrategia, zenbat eta garestiagoa autoa orduan eta merkeagoa emakumea, biak merkatuaren makineria koipeztatuan elkar eragiten. Bitartean gizon(tto)ak onttoak bezala eszena leporaino betetzen.

Julia Ducournau zuzendariaren azken filmaren eszenarik esanguratsuena topatu nahiko bagenu lanak izango genituzke, ezinezkoa baita kasik. Deskribatutako eszena, esanguratsua bada ere, bidaia filosofiko bezain bortitz eta argigarriaren geldialdietako bat besterik ez delako. Zuzendariak bigarren film luze honetan, dagoeneko bereizgarri egin duen estiloa oraindik haratago eramango du, hori egiterik balego. Badago, bai; mila esker, Julia.

Titane film polisemikoa da, tautologikoa, ontologikoa eta Lacandarra, kontraesanean, gatazkan, bortizkerian sakonduko du. Nortasunaren barne borrokaz, gizartearekiko harreman aztoragarri eta mingarriez, familiaz eta minaz egingo digu hitza. Argi dago bidai psikoanalitiko irrikagarria egin daitekeela zintan zehar, baina ez da hori guztia izango. Ducournauk generoak uztartzea maite du, maila guztietara, eta zinta erreferentziaz josia egongo da. Pelikula dinamikoa izango dugu: Akzioa, umorea, tragedia, beldurra, maitasuna, erotismoa, intriga. Denetarik baliatuko du azaldu nahi digun konplexutasunean murgil gaitezen, eta nola gainera. Etengabean korapiloa askatu nahian ibiliko baikara.  Zuzendariak, konplexutasun guzti hau modu arin eta bizian azalduko digu, emango dizkigun aztarna guztiak jarraituz, batzuetan aztarnak besteetan arrastoak, baina gutaz arduratuko da, dagoeneko Juliaren taldekoak baikara, familian barneratu gaitu, ez kezkatu.

Zuzendariak elementu guztiak artisauaren pazientziaz bihurrituko ditu. Bitxigilearena, errementariarena baliatuko ditu, metala eta mentala beste zerbaitetan bihurtzeko. Ducournau minaz arituko zaigu, baina funtsean eta zintzotasun gardenenarekin maitasunaz arituko zaigu, maitasun minaz eta baldintzarik gabeko maitasunaren gaitasun miragarriaz.

Alexiak ez du gurasoen onespenik, ez du maitasunik bizi bere baitan, ume aztoragarria da, aberrazioaren mugan dago, sute bat da. Inoiz eztanda egiteko prest. Auto istripu batek ospitalera eramango du eta familiaren nondik norakoa baldintzatu. Titaniozko xafla bat ipiniko diote garunean, zigilu bat, txip bat, programazioa, hack-a, estanpazioa. Suz grabatutako ikurra belarri ondoan, metamorfosiaren hasiera emango da bere baitan.

Urteak joango dira eta eztandak  (Alexiak) muga guztiak gaindituko ditu, modu Tarantiniar finduan garrasi bat izango da, oinaze suntsikorra, Vincentekin topo egingo duen arte. Vincent Suhiltzailea delako, eta minaz badakielako, dezente, aski ongi. Vincent, samina giharretan bilduta duenak, suz inguratua, esteroide eta anabolizantez josia. Testosteronaz bustia, maila eta geruza guztietaz mozorrotua, ezkutatzen mina, eta gabezia. Maitatuaren absentzia.

Alexia ihesi dabil eta ez dauka nora jo, Vincent ordea zain daramatza urteak, desagertutako semearen zain, hutsa ezin bete duelarik zauria estaltzen, geruzaz geruza, hormonaz hormona, begiak zurieriz gaixotzeraino, itsu.

Alexiak eta Vincentek elkar topo egingo dute, familia berri bat osatzeko, gatazka mutantearen adierazle arnasadunak izango dira. Ugaztun ziber biopolitikoak, aberrazioaren zutoihala suhiltzaileen kasernan, guztien begitara phoenix arraroak.

Filmak generoa, merkatua, familia eta nortasunaz arituko zaigu, gizarteak gugan landatzen duen bortxaz eta hartatik sortzen denaz. Bertan Agathe Rousellen eta Vincent Lindon aktoreen lana goraipagarria izango da. Metamorfosian elkar lotuko dira bi pertsonai hibridoak, fisikoki eta psikologikoki eraldatzen fokuen argiak gasolioaren orbana argitzen duenean bezalaxe.

Argazkia argiztapena eta efektu bereziak ere ezin hobeak izango dira. Intimitatetik antzutasun hotzenera ibiliko da kamera. Espazio hurbiletan, izara artean, besarkada eta malkoetan, komuna eta logeletan batzuetan. Pabiloi erraldoietan, geltoki tzar eta garaje handietan besteetan. Intimitatearen zaurgarritasuna agerian utziko du eta espazio brutalistak inpunitaterako gune despertsonalizatuak izan daitezkeela ikusarazi. Zuzendariaren planoen plangintza, gauzatzea eta muntaia lana ere goraipagarria izango da.

Gainerakoan, Julia Ducournauren filma gizarte garaikidea ulertzeko apartekoa da, norbera ulertzeko tresna, norbanakoaren konplexutasuna estaltzearekin ez delako surik itzaltzen, txondorretan nola ikatza, horrelakoak baikara, material suharbera. Eta berriz diot, ez izutu, Juliak dagoeneko eskutik heldu gaituelako, elkarrekin egingo dugu bidea, berdinak garela aitortuko digu, minean ederrak, finean berberak. Zineman guztiak badu bere modua, bere era. Zuzendariak badu berea, eta gonbidatzen gaitu haren etxera.

Egin daiteke noski zerrenda bat gal ez dadin ikuslea, mapa antzekoa, argituz: Donna Haraway,  Despentes, Tarantino, Cronenberg, Miike, Noe, Carpenter, Winding Refn eta segi zenbatzen. Baina ez deritzot zentzuzkoa, ez beharrezkoa. Juliak eramango gaitu, ez gara galduko, ez gaitu galduko.

Iraileko azken egun bero eta heze hauetan bezala urtzea eskatuko digu soilik zuzendariak, likidoak izan gaitezen, geruza guztiak argizaria bailitzan aska daitezen, funtsean baliotsuena gailen dadin, maitasuna.