Abenduaren 3tik 8ra egingo dute Durangoko Azokaren 56. ekitaldia, eta Gerediaga Elkarteak hilaren 19ra arte zabaldu du bertan izan nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleentzako izen-emate epea. Azoka modu presentzialean eta online egiteko asmoa azaldu dute, momentuko osasun neurrietara egokituz eta segurtasuna bermatuz.

Osasun izurriak iazko Durangoko Azoka online formatuan egitera behartu zituen Gerediaga Elkarteko lagunak, eta salmenta arrakastatsua izan bazen ere, aurtengo 56. ekitaldira begira, aurrez-aurreko Azoka baten aldeko apustua egingo dute. Erakusmahaiak jarriko dituzte Landakon, bisitariak gonbidatuko dituzte, eta urteroko sortzaile eta kulturzaleen arteko harremanak berreskuratuko dituzte, beti ere, unean uneko neurrietara egokituz.

Dena den, abenduaren 3tik 8ra luzatuko den Azokaren edukiera mugatua izango denez, formatu hibridoa mantenduko dutela iragarri dute. Horregatik, aurten erakusmahaia alokatzen dutenek modu presentzialean eta digitalean hartuko dute parte, eta bertaratzerik ez duten herritarrei produktuak online erosteko aukera eskainiko diete.

Honenbestez, astelehenean, irailak 6, zabaldu zuten bertan izan nahi duten eragileentzako izen-emate epea. Argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaileei… luzatu diete deialdia, eta irailaren 19ra arte izango da Azokaren webgunearen bidez izena emateko epea.

Informazio osagarria Durangoko Azokaren webgunean dago eskuragai.