30.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Akelarre (2020) filma, joan den abuztuaren 25ean Frantziar Estatuan estreinatu zutenetik. Dulace banatzaileak 130 kopia baino gehiagorekin zabaldu du herrialdean zehar, eta Pablo Aguero zuzendariak berak parte hartu du hainbat aurkezpen emanalditan.
Arrakastaren olatuaren txanpa hartuta dabil oraindik Akelarre (2020). 68. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta Espainiar Estatuko areto komertzialetan ikusgai egon ondoren, martxoaren 6ko Goya sarien galan bost garaikur lortu zituen 1609ko sorgin-ehizan girotutako drama euskaldunak. Besteak beste, jantziteria (Nerea Torrijos), makillaje eta ile-apainketa (Beatushka Wojtowiez eta Ricardo Molina), efektu berezi (Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio), jatorrizko musika (Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja) eta zuzendaritza artistiko (Mikel Serrano) onenaren sariak. Astebete geroago, martxoaren 12an, jarri zuten ikusgai Netflix plataforman, eta arrakasta berehalakoa izan zen: mundu mailako eduki ikusienen artean hirugarren postuan kokatu zen, Sentinelle eta Moxie telesailen atzetik.
Latinoamerikako hainbat herrialdetan, hala nola, Mexikon, Argentinan, Brasilen, Costa Rican eta Uruguain ere lehen postua eskuratu du; Suitzan, Polonian eta Grezian, aldiz, bigarrena; eta Txekiar Errepublikan, Maltan eta Errumanian hirugarrena. Turkia, Nigeria eta Libano bezalako urrunagoko estatuetan laugarren, zazpigarren eta bederatzigarren eduki ikusiena izan da, hurrenez hurren.
Bada, Estatu frantsesean estreinatu dute berriki, eta arrakasta pareko izan da ere bertan. 30.000 ikusletik gora izan ditu karteldegian daraman bi aste eskasetan, eta aurkezpen arrakastatsu ugari egin ditu Pablo Aguero zuzendariak berak lurralde osoan barna. Gurera ekarrita, esaterako, filmaz gozatzeko aukera izan da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hainbat udalerritan: Baiona, Donpaule, Kanbo, Hendaia, Donibane Garazi, Getaria…
Ikusi Ixone Santamaria kidearen kritika, hemen.