Errodatua izan den lekuetako balore urbanistiko, natural, kultural eta sozialak hoberen islatzen dituen filma sarituko du aurten hamargarrenez San Sebastián – Gipuzkoa Film Commission garaikurrak 69. Donostia Zinemaldiaren testuinguruan, eta bost finalisten artean garailea hautatzeaz arduratuko dira Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria, Marta Etura eta Gorka Otxoa aktore donostiarrak, Agatha Ruiz de la Prada moda diseinatzailea eta Benito Zambrano zinemagilea.
Gasteizen errodatutako Juanma Bajo Ulloaren Baby; Bizkaian, Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban lokalizatutako Igor Legarretaren Ilargi Guztiak; Benidorm eszenatoki duen Isabel Coixeten Nieva en Benidorm; Gasteizko Film Office bulegoarekin elkarlanean errodatutako Ivan Ruiz Floresen Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas; eta Lanzaroten filmatutako Ángeles Reineren Salir del ropero dira X. San Sebastián – Gipuzkoa Film Commission sarirako hautagaiak. Datorren irailaren 24an, Donostia Zinemaldian, egingo dute sari banaketa ekitaldia Maria Cristina Hotelean, eta film irabazleak 10.000 euro eskuratuko ditu: 7.000 euro ekoiztetxearentzat izango dira, eta errodajean lagundu duen Film Commissionak 3.000 euroko eramango ditu.
Aurtengo epaimahaia zinemaren alorreko bost aurpegi ezagunek osatuko dute: sei Goya sari eta Zinematografia Sari Nazionala jaso dituen Javier Aguirresarobe argazki zuzendariak; bi Goya sari erdietsi dituen Marta Etura aktore donostiarrak; euskal ekoizpenetan zein espainiar Estatuko telesail eta filmetan ezagun egin den Gorka Otxoa aktoreak; modaren mundua iraultzeagatik, besteak beste, Arte Ederren Merezimenduaren Urrezko Domina jaso duen Ágatha Ruiz de la Prada diseinatzaileak; eta nazioarteko jaialdietan nabarmendu diren filmen zuzendari Benito Zambranok.
Sariaren helburua ekoiztetxeen lanari aitortza egitea da, eszenatoki bihurtzen dituzten hiri eta bestelako espazioetako filmaketekin negozio- eta enplegu-aukerak sortzen dituztelako. Hala, nazio lurraldean errodatuak izan diren, estatuko Film Commission batekin egiaztatutako lankidetza izan duten, 2019ko urritik aurrera estreinatu diren eta 60 minututik gorako iraupena duten proiektuen artean aukeratu dituzte aurtengo bost finalistak.