Nazioarteko jaialdien eta egungo zinemagintzaren erronkei erantzun nahi dien Donostia Zinemaldiaren Pentsamendua eta Eztabaida atalak aurtengo programazioren berri eman du. Klase magistralak, mahai-inguruak eta aurkezpenak atondu dituzte, nagusiki, akreditatuei zuzendutako jarduera gisa, eta sorkuntza zinematografikoa, genero-berdintasuna eta jasangarritasuna izango dituzte aztergai.
Urte osora luzatzen den Donostia Zinemaldiaren Pentsamendua eta Eztabaida atalak zinemagintzaren sektorearen kezkei erantzunak bilatzea eta lehentasunezko auziak tratatzeko topagunea eskaintzea du helburu, eta irailaren 17tik 25era dozena bat jarduera prestatu dituzte, nazioarteko zinemagile entzutetsuen zein industriako hainbat adituren parte-hartzearekin.
Nest sailaren 20. urteurrenarekin lotuta, hain zuzen, bi topaketa egingo dituzte. Batetik, hilaren 20an, 11:00etan, Tabakalerako zinema-aretoan, Céline Sciamma zinemagile frantziarrak ikasleekin solasaldia izango du. Eta agertoki berean, asteazkenean, 15:30ean, Laura Wandel belgikarraren txanda izango da. Hurrengo egunean, halaber, zuzeneko podcast bat grabatuko dute Tabakaleran Nest sailean izandako sortzaileekin: Kiro Russo (Nueva vida, 2015), Inês de Lima (De Madrugada, 2017), Mina Fitzpatrick (Wandervogel, 2017) eta Óscar Vincentelli (Guillermo + Violeta, 2018).
James Mockoski zinema-artxibozain eta American Zoetrope konpainiako zaharberritze-arduradunak, bere aldetik, Francis Ford Coppola zinemagilearen filmekin egin duen lana azalduko du Tabakalerako Z aretoan, irailaren 21ean, 18:30ean. Eta Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarraren klase magistrala irailaren 22an izango da, 19:00etatik 20:30era. Italiarrak È Stata La Mano di Dio filma aurkeztu du Donostian, Veneziatik bueltan, eta lanari eta zazpigarren artearekin duen loturari buruz hitz egingo du jardunaldian.
Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakume profesionalen elkarteak, aldiz, barneko lan-jardunaldi bat antolatuko dute genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta akordioak lortzen saiatzeko. Horrez gain, Identitateak eta aniztasuna. Egiturak aldatzen dituzten istorioak telesail-jardunaldiak egingo dituzte Europa Creativa MEDIA Desk Euskadirekin elkarlanean. Valeria Vegas kazetari eta idazleak moderatuko du saioa, eta Bob Pop idazle eta gidoilariak parte hartuko du. Gainera, Rolando Salazar Zinema Gay, Lesbiko eta Transaren Limako Jaialdiaren gidatutako mahai-inguruan LGTBIQ+ zinemak Latinoamerikan dituen erronkak aztertuko dituzte.
Jasangarritasuna eta teknologia
Pandemiaren eta kontzientzia ekologikoaren inguruko hainbat saio ere atondu dituzte: Europa Distributionek bultzatutako mahai-inguruan, esaterako, pandemiak industria zinematografikoan izan dituen ondorioak aztertuko dituzte, eta Creative Europe MEDIArekin antolatutako ohiko European Film Forum mahai-inguruan, ostera, sektorea industria iraunkorrago eta digitalago baterantz nola eraldatu den azalduko dute.
Tresnen berrikuntzari lotuta, Zinemaldia & Technology saioa Tabakalerako Z aretoan izango da ostegunean, irailak 23, 12:30ean. Teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturari buruzko hausnarketa egingo du, eta ekoizpen birtualari eskainiko dio laugarren edizioa. Ikus-entzunezkoa eta irakaskuntza. Irakaskuntza ikus-entzunezkoetan mahaia-inguruan, azkenik, ikus-entzunezkoen gaitasun pedagogikoa izango dute aztergai. Egedak bultzatutako saioan Fernando Rodríguez Lafuente kultura-kritikari eta -kudeatzailea izango da moderatzailea.
Informazio osagarria Zinemaldiaren webgunean dago eskuragai.