Les choses qu’on dit, les choses qu’on fait (2020) filmaren proiekzioak zabalduko du Bergarako Zine Klub saioen ikasturte berrirako programazioa. Ohi bezala, Seminarixoan egingo dute saioa, irailaren 8an, 20:00etatik aurrera.

Bere oporraldia landagunean igarotzea erabakiko du Daphnek, bere hiru hilabeteko haurdunaldiak eragindako neke era egonezinak arindu asmoz. Maxime hartuko du gonbidatu gisa; bere bikotekide Françoisen lehengusua da Maxime, eta Parisera itzuli behar izan du ospitalean dagoen lankide baten hutsunea betetzeko. Beren arteko harremana estutzen joango da, eta barruan gordetzen dituzten kezka eta esperientziak kontatuko dizkiote elkarri.

Nazioarteko jaialdi zirkuitoan ibilbide oparoa egin eta kritikaren laudorio andana pilatu ostean helduko da filma Bergarako herrira: “Elkarrizketak bikain erabiliz eta tonu burleskoa alde batera utzita, Emmanuel Mouret errealizadoreak bere lanik onenetako bat lortu du”; “film magnifiko bat da, testu gozagarri batean oinarritzen dena”; “Idazketaren adibide eder bat, kontakizunen kontaketa bat”

Irailaren 8an, asteazkena, emango dute. Aurreko ikasturtean bezala, Seminarixoak hartuko du saioa, 20:00etatik aurrera, eta online bidez sarrera eskuratzeko aukera ahalbidetu dute jada. Spy no tsuma /Wife of a Spy (2020) eta Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan (2020) filmen emanaldiek osatuko dute iraileko programazioa, hilaren 22an eta 29an, hurrenez hurren.

Saioen info. zabalagoa, hemen.