Amaitu dituzte Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zinemagileak idatzi eta zuzendutako Irrits film laburraren errodaje lanak. Azpimarratu dute %75ean emakumezko profesionalez osatutako lan-taldeak egikarizatu duela proiektua.
Izaro eta Clara protagonistek hemezortzi urte bete berri dituzte, eta udalekuetako begirale lanetan jarduten dute. Lan txanda bukatu eta umeen begiradatik kanpo daudenean, haien arteko desirak azaleratuz joango dira, egoerak eztanda egingo duen arte. Argumentu horren haritik tiraka idatzi du istorioa Oleagak. Izaro Nieto eta Angela Echaniz ditu protagonistak, eta Xabier Elizalde eta Erika Olaizolak osatu dute aktore-taldea.
Galapan eta Sumendi ekoiztetxeen arteko elkarlanaren fruitu garatu dute proiektua, Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Euskara hutsean errodatu dute Arabako hainbat txokotan; Euskal Herriko gazte eta nerabeen artean udaleku aski ezaguna den Zuhatzako Irlan, kasu.
Lan-taldeari dagokionez, emakumezko profesionalen nagusitasuna azpimarratu dute. Izan ere, %75etik gora dira andrazkoak: Lara Vilanova aritu da argazki-zuzendari; Loreto Agirre izan da produkzio zuzendaria; Esther Villar makillaje eta ile-apainketa burua; Kemen arte-zuzendaria; eta Andrea Saenz soinu-burua. Halaber, Xanti Salvadorrek jardun du soinu-diseinuan; Nerea Torrijosen ardura izan da jantzi diseinua; eta Maialen Sarasua editore.
Aurtengo hirugarrena
IRRITS lanaren aurkezpenarekin batera, hiru dira zuzendariak estreinatzeke dituen filmak. Izan ere, urte amaieran estreinatuko du KINKA laburra (Galapan eta Sumendi ekoiztetxeek ekoitzitakoa hau ere), eta berriki jakin dugu ere Oleaga berak idatzi eta zuzendutako KUARTK VALLEY (Kubelik Films eta Pantalla Partida-k ekoitzia) dokumentala 69. Donostia Zinemaldiaren Zinemira sailean emango dutela.