Donostia hiriarentzat iraila da, zinemaren ikuspegitik, urteko hilabeterik bereziena, eta hilaren 17tik aurrera, Zinemaldia abiatu orduko, ohiko programazioa bigarren mailan geratuko denez, Tabakalerak hainbat saio atondu ditu lehen bi asteetarako. Besteak beste, 69. Donostia Zinemaldiko Ohorezko Saria jasoko duten Marion Cotillard eta Johnny Depp aktoreen film bana proiektatuko dute jaialdia abiatu aurretik, Zinemaldia + Plus programan.

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek programatzaile gisa atontzen duten zikloa da Eskolatik izenekoa, eta iraileko bigarren egunean, Simon Petri-Kukács eta Anna Babos gazteek prestatutako emanaldia egin zuten. Hala, Jugoslaviako, Hungariako eta Txekoslovakiako 60ko eta 70eko hamarkadetako film bana izan ziren atzo ikusgai Zabarkeria eta prekarietatea – Europa ekialdeko ahozko kontakizunak izenburupean.

Gaur, irailak 3, aldiz, Fokua ataleko Zinemaren Historiak: Santos Zunzunegi III saioa egingo dute 17:00etan, eta Berlinale jaialdiko Encounters sailean zuzendari onenaren saria lortu zuen Cristi Puiuren Malmkrog proiektatuko dute. Horren aurretik, Zunzunegik berak filmaren aurkezpena egingo du.

Urte hasieraz geroztik, Donostia Zinemaldiak ahalegin berezia egin du bere programazioa iraileko bederatzi egunetatik harago zabaltzeko, eta Zinemaldia + Plus ekimenaren baitan, aurtengo bi Donostia Sariak omentzeko emanaldi bana egingo dute: irailaren 4an, larunbata, Marion Cotillard aktorea protagonista duen Dardenne anaien Deux jours, une nuit (2014) eskainiko dute, eta irailaren 9an, osteguna, Jim Jarmuschek zuzendutako Dead Man (1995), Johnny Depp aktorea buru.

.

Egun horretan bertan, baina 20:30etik aurrera, Kutxa Kultur Gauak ekimeneko emanaldia izango da, eta Franco Paviolik 1982ko Veneziako zinema jaialdian estreinatu zuen Il pianeta azzurro izango da ikusgai Kutxa Kultur Terrazan. Sortzailearen lehen film luzea denborari, naturari eta giza bizitzari buruzko poema kosmogoniko ederra da, eta sarrerak 3 eta 5 euro artean eskura daitezke. Kutxa Kulturren iraileko bigarren eta azken zinema emanaldia, gainera, hurrengo egunean, irailak 10, egingo dute, eta Charles Chaplinen zuri-beltzezko The Kid film mutu klasikoa izango da ikusgai Kutxa Kultur espazioan, 20:00etan.

Egun horretan bertan eskainiko dute, halaber, The Savage Eye (Joseph Strick, Ben Maddow eta Sidney Meyers, 1960) film estatubatuarra Fokua: Zinemaren historia etengabea zikloan, eta larunbatean, irailak 11, Javier Fernandez Vazquezen Anunciaron tormenta proposamenak itxiko du irailaren lehen erdiko programazioa. Sortzaileak berak hartuko du parte saioan, filmaren aurkezpena egingo baitu 19:00etatik aurrera.

Emanaldien inguruko informazio osagarria zein sarrerak eskuratzeko, sartu Tabakaleraren webgunean.