Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta prentsa arduradun Ruth Perez de Anuncitak agerraldia egin dute gaur goizean, irailak 3, aurtengo edizioaren inguruko informazio praktikoa eta gurera hurbilduko diren izarren zerrenda argitzeko. Jaialdiaren programazioa irailaren 8an, asteazkena, kaleratuko dute, eta sarrerak hurrengo igandean, irailak 12, jarriko dituzte salgai online. Bertaratzeko asmoa berretsi duten izarren artean dira Javier Bardem, Jessica Chastain eta Emmanuelle Devos aktoreak, baita Laurent Cantet, Lucile Hadzihalilovic eta Claire Simon zinemagileak ere. Epaimahaikideen berri ere eman dute.
“Iazkoa ziurgabetasun handiko edizioa izan zen” hitzekin abiatu du prentsa agerraldia Rebordinosek, bertaratutako ordezkari politikoei eskerrak eman ostean. Pandemiak eragindako zalantzei eta egoera kudeatzeko esperientzia faltari egin behar izan zieten aurre, argi baitzuten, ahal zen heinean, jaialdiak presentziala izaten jarraitu behar zuela. Hala, neurri zorrotzek ezaugarritutako ezohiko ekitaldia bururaino eramatea lortu zuten, eta Veneziako festibalarekin batera, erreferentzia bilakatu ziren nazioartean, gisako ekitaldiak seguruak izan zitezkeela frogatuta. Ez zen festarik, VIP paserik eta alfonbra gorrietako ikuslerik baimendu, baina festibala egin egin zen, eta zailtasunak igarota eta datorrena errazagoa izango zela sinetsita jaitsi zuten pertsiana.
“Baina ez da hala izan. Iazko edizioaren antza handia izango du aurtengoak ere”, nabarmendu du Rebordinosek. Izan ere, film gehiago eta industriari lotutako jarduerak, online ez ezik, modu presentzialean egiteko aukera izango duten arren, badira indarrean jarraituko duten dozena bat neurri: musukoen erabilera derrigorrezkoa izango da, ez da festarik antolatuko, lau areto nagusien (Kursaal 1, Kursaal 2, Victoria Eugenia Antzokia eta Antzoki Zaharra) edukiera % 50ekoa izango da eta gainerakoena % 60koa (baldin eta Jaurlaritzak Zinemaldiak aurkeztutako proposamena onartzen badu), eta zenbakitutako sarrerak online erosi beharko dira, irailaren 12tik aurrera. Alfonbra gorrien jarraipena argazkilari profesionalek soilik egingo dute, eta industria saileko akreditatu gehiago espero dituzten arren, Donostiara bidaia egingo dutenen behin-betiko kopurua ezin izango dute azken unera arte zehaztu.
Jaialdiaren programazioa irailaren 8an, asteazkena, kaleratuko dute, eta akreditatuek ere online erosi beharko dituzte emanaldietarako sarrerak, igandetik aurrera. Hilaren 12an, hain zuzen, jaialdiko lehen hiru egunetarako txartelak soilik egongo dira eskuragai profesionalentzat, eta festibalak aurrera egin ahala, egunez egun, datozen hiru egunetarako sarrerak eskaintzen joango dira.
Kazetarien galderari erantzunez, aurtengo aurrekontua 7,5 milioi euro ingurukoa izango dela zehaztu du Rebordinosek, baina informazio zehatza ematea zaila zaiela, azken orduko aldaketak egon litezkeelako. Iazko aurrekontua 8,5 milioi eurotik 7,2 milioi eurora jaitsi zen azken orduko bajen ondorioz, eta aurtengoan, ohiko parte-hartzetik hurbilago egongo direla espero dute, % 70-80 artean.
Izarren peskizan
Nolanahi ere, jaialdira bertaratuko diren aktore, zinemagile eta zinemaren industriako izarren zerrenda amaigabea da, eta Rebordinosen hitzetan, “espainiar Estatuko star system osoa izango dugu Donostian”, ekitaldiren batean ez bada, bestean. Nazioartetik etorritako izenen artean nabarmentzekoak dira Jessica Chastain (The Eyes of Tammy Faye, Sail Ofiziala), Emmanuelle Devos (Vous ne désirez que moi, Sail Ofiziala), Charlotte Gainsbourg (Jane by Charlotte, Perlak), Louis Garrel (La Croisade, Perlak), Vincent Lindon (Undercover –Sail Ofiziala– eta Titane –Perlak–), Noémie Merlant (Mi iubita, mon amour, Zabaltegi-Tabakalera), Clarke Peters eta Stanley Tucci (La Fortuna, Sail Ofiziala) aktoreak.
Zuzendari garaikideen artean, ostera, Laurent Cantet (Arthur Rambo), Lucile Hadzihalilovic (Earwig) eta Claire Simon (Vous ne désirez que moi) Sail Ofizialeko filmen egileak izango ditugu gurean, eta Perlak sailean ikusgai izango diren lanen zuzendari Julia Ducournau (Titane), Todd Haynes (The Velvet Underground), Sean Baker (The Florida Project), Charlotte Gainsbourge (Jane par Charlotte), Xavier Giannoli (Les illusions perdues) eta Joachim Lafosse (Les Intranquilles).
Donostia Zinemaldira hurbilduko diren protagonisten zerrenda osorik ezagutzeko, sartu jaialdiaren webgunean.
Epaimahaikideak, prest
Gaurko agerraldian, gainera, jaialdiko sail ezberdinetako epaimahaiak osatuko dituzten profesionalen izen-abizenak eman dituzte aditzera. Epaimahai Ofizialeko buru izango da iaz Dasatskisi filmarekin lau garaikur erdietsi zituen Déa Kulumbegashvili zinemagile georgiarra, eta alboan izango ditu Maite Alberdi zuzendari eta gidoigile txiletarra, Audrey Diwan zinemagile eta gidoigile libano-frantziarra, Susi Sanchez aktore espainiarra eta Ted Hope ekoizle estatubatuarra.
Kutxabank New Directors saileko epaimahaikideak izango dira Mary Burke ekoizle britainiarra, Irene Escolar aktore espainiarra eta Suzanne Lindon zinemagile frantziarra; eta Horizontes Latinos saria banatzeaz arduratuko dira Maria Zamora ekoizle espainiarra, Lila Aviles zinemagile eta aktore mexikarra, eta Luciano Monteagudo kritikari argentinarra. Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaia, ostera, Sergio Oksman zinemagile brasildarrak, Miriam Heard gidoilari eta aktore galestarrak eta Elena Lopez Riera zinemagile espainiarrak osatuko dute, eta zinema ikasleen Nest saileko sari nagusia Isabel Peña gidoilari espainiarrak, Jorge Cantos zuzendari espainiarrak, David Pinheiro Vicente zuzendari portugaldarrak eta Elsa Rosengren zinemagile alemaniarrak ebatziko dute.
Euskal Zinemaren Irizar Saria banatzeaz arduratuko den epaimahaia, halaber, Aitor Arregi zinemagile eta gidoilari oñatiarrak, Arantzazu Calleja musika-konposatzaile bilbotarrak eta Edurne Portela idazte sarturtziarrak osatuko dute.
Informazio osagarria Donostia Zinemaldiaren webgunean dago eskuragai.