Urteko zortzigarren filma estreinatuko du asteburuan Zineuskadi Elkarteak: Toby Genkel zinemagilearen Oltxiak animaziozko lana. Kirasterriko zabortegian bizi diren usain txarreko izaki bereziak dira filmeko protagonistak, eta beren bizitokia defendatzeko gogor borrokatu beharko dira. 85 minutuko ekoizpen alemaniarra euskaraz izango da ikusgai Euskal Herriko hainbat aretotan.

Oltxien familia bizitzeko leku baten bila ari da, inon ez baitira ongietorriak sentitzen. Usain txarra dute, eta gizakiek ez dituzte ondoan nahi. Baina Kirasterriko zabortegira helduko dira beren dragoain, eta etxean bezala sentituko dira, oso eroso. Aldiz, zabortegiaren ordez osasun zentro bat jarri nahiko dute bertan herritarrek, eta proiektuaren aurka egingo dute filmeko protagonistek, Kirasterriko hainbat bizilagunen laguntzarekin.

Toby Genkel zinemagile alemaniarraren proposamena bihar, irailak 3, helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, eta haietako hainbatetan euskaraz izango da ikusgai, Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez. Besteak beste, Donostiako Principe zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan eta Multicines 7 aretoetan, Iruñeko Golem La Morean eta Errenteriko Niessen zineman.

Zinema Euskaraz programaren bidez euskarara ekartzen duten urteko zortzigarren filma da honakoa, orain bi aste argia ikusi zuen D’ortagnan eta hiru Mosketxakurrak (Toni Garcia, 2021), uztailean estreinatutako Space Jam: aro berria (Malcom D. Lee, 2021) eta udaberriarekin batera heldu zen Sabelhortza kapitaina eta diamante magikoa (Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen, 2019) abenturazko filmen ondoren. EiTBren 3 klubak hainbat sarrera bikoitz zozkatuko ditu bazkideen artean, asteburuan filmaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Informazio osagarria Zineuskadi Elkartearen atarian dago eskuragai.