Durangoko Berbaro Elkarteak antolatuta, Labur Esanda film laburren lehiaketaren bigarren edizioa egingo dute irailaren 10ean eta 11n hiriko San Agustin Kultur Gunean. Izena emateko epea zabalik da, eta parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte lan bat osatu eta aurkezteko. Sari banaketa ekitaldia, hain zuzen, larunbat iluntzean egingo dute.

Film laburren rallyak zirraragarriak izaten direla jakitun, Durangoko Berbaro Elkarteak 24 orduko lehiaketa prestatzea erabaki zuen iaz, eta arrakastarekin pozik (hamabi taldek hartu zuten parte Plateruena Kafe Antzokian egin zuten ekitaldian), ekimena errepikatzea ebatzi dute. Irailaren 10ean eta 11n egingo dute bigarren edizioa, San Agustin Kultur Gunea topagune bilakatuta, eta parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte antolatzaileek proposatutako gaia, objektua eta esaldia biltzen dituzten ikus-entzunezkoak prestatu eta entregatzeko.

Hala, irailaren 10ean, ostirala, 16:00etan elkartuko dira San Agustinen, eta informazioa jasota, lana prestatzeko tartea zabalduko zaie hurrengo egunera arte. 16:00etan entregatu beharko dute proiektuaren artxiboa, eta 22:00etan egingo duten film laburren emanaldia eta sari banaketa ekitaldia. Horren aurretik, 20:00etatik 21:45era arte, emanaldirako sarrerak hartzeko aukera izango da San Agustinen bertan, doan. Proiektu irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du, eta 100 euroko bi sari banatuko dituzte finalisten artean.

Izen-ematea zabalik da, eta interesa dutenek laburesanda@berbaro.eus helbidera idatzi besterik ez dute lehiaketan parte hartzeko. Informazio osagarria Berbaro elkartearen webgunean dago eskuragai.