NEST, Donostia Zinemaldiak mundu osoko ikasleen film laburrei eskainitako sail lehiakorrak, bi hamarkada beteko ditu 2021ean. Urteurrenaren karietara, programazio berezia antolatuko du jaialdiak: 69. edizioaren egitarauaren baitan eta, Zinemaldia+ Plus programaren bidez, urrian eta azaroan zehar egingo diren ekintza sorta.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakusteko eta sustatzeko leku bat izateaz gain, Nest sailak ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaketa bihurtzeko jomuga ere badu: zinemari buruz eztabaidatzeko ez ezik, zinema-prestakuntzaren arloaren eta profesionalen arteko topaketa errazteko ere Zinemaldiak gaitzen duen gunea.

2002an sortu zen Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketa gisa, eta, ondoren, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa (EIECINE) izena hartu zuen. 2008an, Tabakalera sailaren antolakuntzan sartu zen, eta film laburren eta eskolen parte-hartzeak gorakada esponentziala izan zuen. Halaber, programazioa ere nabarmen handitu zen: topaketari egunak gehitu zitzaizkion eta zinemako profesionalen klase magistralak antolatzen hasi ziren.

Bada, 20. urteurrena beteko dute aurten, eta hiru hilabetez luzatuko den ekimen sorta prestatu dute ospatzeko:

  • Irailaren 17an | 20. urteurrena artikuluaren argitalpena, Noemi Cuetos eta Marcela Hinojosaren eskutik (biak Komisariotza espezialitateko ikasleak EQZEn). Zinemaldiko egunkarian eta Zinemaldiaren eta Tabakaleraren webguneetan.
  • Irailaren 20an | Céline Sciammaren master classa. Tabakalerako zinema-aretoan.
  • Irailaren 21an | Ikasle ohien topaketa, 20. urteurrena. Podcasta Kiro Russo (Nest 2015), Inês de Lima (Nest 2017), Mina Fitzpatrick (Nest 2017) eta Óscar Vincentelli (Nest 2018) egileekin.
  • Irailaren 22an | Laura Wandelen klase magistrala. Tabakalerako zinema-aretoan.
  • Urriaren 9an eta azaroaren 6an | Sailaren berrikuspen historikoa, Zinemaldia Plus fokuaren barnean. Sarrerak salgai (3,50 euro) urriaren 1etik aurrera.