Zuzendaria: Ana Murugarren
Urtea: 2021
Herrialdea: Espainia

-Estereotipoz betetako endredozko komedia-

Hegazkin istripu bat alde batetik, gainbehera komertziala bestetik, Hispavia izeneko airelinea momentu txarra ari da igarotzen. Enpresa aurrera ateratzeko, direktibak aldi berean bi langile kontratatzea erabaki du: bezeria falta konpontzeko prestigio handiko aholkulari bat (José Mota), eta istripuaren ondoren hondatutako hegazkina berriz martxan jartzeko mekanikari aditua (Pepe Viyuela). Biak dute Javier Garcia izena, ordea, eta gaizki-ulertu baten ondorioz, mekanikaria kontsultaritzat hartuko dute, eta kontsultaria mekanikaritzat. Ezustean, bata bestearen rol eta estatus sozialean aurkituko da, eta ordura arte langabezian egon den mekanikaria luxuzko jatetxeetara daramaten bitartean, finantzetan aditua aireportuko hangarrera eramango dute eskuak koipetzera.

Tankera honetako endredozko pelikuletan ohikoa den legez, klase sozial desberdinen inguruko hausnarketa egiten saiatzen da gidoia. Izan ere, gizatalde jakin bateko lagun bat beste talde baten egoeran jartzen duen istorio mota honek enpatiaren formula literalki adierazteko aukera izaten du: bestearen lekuan jartzea, alegia. Garcia y Garciaren kasuan, klase-diskurtsoa kultura kontuekin nahasten da. Izan ere, kontsultore nartzisistak euskal burgesia irudikatzen du (Jeff Koons bat du, baita Biarritzen txalet bat ere, Iberdrola dorrean egiten du lan, emazteak euskaraz hitz egiten du…), eta langabezian dagoen mekanikariak, berriz, Espainiatik Bizkaira lan bila heldutako langile xumeen taldea (azentu kanpotarra markatua da, ez du euskaraz batere ulertzen…).

Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko jestu “adiskidetzaileak” egiten saiatu dira azken urteotako espainiar komedia batzuk (8 apellidos vascos, adibidez). Generoak badu, hala ere, taldeen rolak indartzeko arriskua, batez ere estereotipoak beraiek badira barre-algaren iturri. Kasu honetan, Pepe Viyuelaren ergelkeria analfabetoa esajeratua da, eta euskaldunon irudia, berriz, aberaskume maltzurrena. Nina izeneko pertsonaiarekin, Naiara Arnedok gorpuzten du filmean zehar euskaraz hitz egiten duen pertsonaia bakarra, Cruella de Vil a la bilbaina moduko bilau harroputz eta zital bat. Aitortu behar dut euskaldunon irudi hori ez dudala inoiz pantaila handian ikusi. Horrelakoa ote da Voxen eta Ciudadanosen Kontzertu Ekonomikoaren aurkako diskurtsoak sortu duen euskal estereotipoa? Burges aprobetxatuarena? Hala eta guztiz ere, topikoetan oinarritzen diren komediek egiazkotasun puntu bat izan behar dute beti ondo funtzionatzeko, eta argi dago pelikulako gidoilariek ez dakitela zertaz ari diren. Zer emakume euskaldun deitzen da Nina?

Suposatzen dut Pepe Viyuelaren histrionismoak haurrei barregura emango diela (Bilboko Golem zinemetan umeren batek barre egin zuen). Bestalde, Jose Motak eskaintzen dituen aukerak alferrik galtzen dira pertsonaia serio horrekin, eta umoristari ondo egokitzen ez zaion amodio istorioak ez du asko laguntzen. A todo tren: destino Asturias eta Descarrilados estreinatu diren uda berean leihatilan bere txokoa aurkitu nahi du Ana Murugarrenek zuzendutako Garcia y Garcia familia-komediak. Arrakasta ekonomikoa izango duen ala ez ikusteke dago oraindik; nik grazia, behintzat, ezin izan diot inon ikusi.