Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea helburu duten K Sarien aurkezpena egin zuten atzo, abuztuak 30, Tabakalerako Kutxa Kultur Gauak programazioaren baitan. Ekimenaren atzean dauden zineklub eta jaialdietako ordezkarien mahai-inguruak zabaldu zuen saioa, eta hiru helburu finkatu zituzten: zinemaren agenteen arteko elkarlana indartzea, zinemagintzen aniztasuna gizarteratzea, eta zinekluben zein jaialdien lana bistaratzea.
2019an Donostiako Kresala Zineklubak antolatutako Euskal Herriko Zinekluben I. Topaketan dute jatorria aurkeztu berri dituzten K Sariek, bertan parte hartu zuten zineklubetako ordezkariek elkarlanerako bideak bilatzeko eta babes-sare sendoa garatzeko konpromisoa hartu baitzuten orduan. Hala, Zinekluben Nazioarteko Federazioaren On Kixote sariak eredutzat hartuta, K hizkia daramaten garaikurrak sortu dituzte, eta atzo, abuztuak 30, Donostian egindako aurkezpen saioan eman zituzten xehetasunak, Kutxa Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestutako Kutxa Kultur Gauak programaren barruan.
Honenbestez, ekimenarekin bat egin duten Zinetogram (Azkoitia), Goieniz (Beasain), Butak21 (Urretxu-Zumarraga) eta Kresala (Donostia) zineklubetako ordezkariek osatutako epaimahaiak lurraldeko bost zinema festibaletan eskainitako lanen artean, kalitatea, originaltasuna eta konpromiso soziala bezalako baloreak hoberen islatzen dituzten filmak nabarmenduko dituzte. Esan bezala, oraingoz bost dira egitasmora batu diren jaialdi gipuzkoarrak: Debako Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldia; Tolosako Zeinu Hizkuntzako Zine Jaialdia; Donostiako Donosskino Film Laburren Jaialdia; Iruñean, Bilbon eta Donostian egiten duten Zinetika Dantza eta Zinemaren Nazioarteko Jaialdia; eta Hondarribiko Amua Musika Zinema Dokumentalaren Jaialdia. Baina K Sariekin bat egin nahi duen zineklub eta festibalei luzatu zieten gonbidapena. k_sariak@kresalazinekluba.com helbidera idatzi besterik ez dute horretarako.
K Sariaren irabazleek Egingela kolektiboak osatutako 20 zentimetroko K itxurako garaikurra jasoko dute, eta urte amaieran lurraldeko udalerrietan egingo dituzten emanaldi berezietan izango dira ikusgai. Hala, jaialdiok hedatzea eta ikus-entzuleei zinemagintza ezberdinak ezagutaraztea lortu nahi dute antoaltzaileek.
Aurkezpena eta emanaldiak
Atzoko saioa zineklubetako eta jaialdietako ordezkarien mahai-inguruarekin abiatu zuten; Animadeba festibaleko Aitor Oñederrak, Kresala Zineklubeko Ana Piñelek, Zeinuen Hizkuntzako Zine Jaialdiko Julian Rodriguezek, Zinetika festibaleko Andres de la Rivak eta Amua jaialdiko Ernesto Toledok hartu zuten parte solasaldian. Gainera, K Sariek Donostia Zinemaldiaren datorren edizioko hausnarketarako gunean parte hartuko dutela iragarri zuten, zinemaren industriako agente ezberdinen elkarlanaz gogoeta egiteko. Azkenik, aurreko urteetan ikusgai izan diren film laburren emanaldiarekin amaitu zuten ekitaldia.