Tokioko Paraolinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratzeko lehian jarraitzen duen Espainiako emakumezkoen gurpildun aulkiko saskibaloi selekzioaren jarraipena egin dute Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea ekoizleek Cabeza y Corazón dokumentalean. Doxa ekoiztetxe bizkaitarreko kideek zuzendari gisa sinatuko duten lehen filma izango da, eta 2017-2020 aldiari dagokion ziklo olinpikoa jasoko dute ikus-entzunezkoan, jokalari bat gehiago balira bezala.

Espainiako emakumezkoen gurpildun aulkiko saskibaloi selekzioak ez du Paraolinpir Jokoetan parte hartu 1992ko Bartzelonako Jokoez geroztik, eta orduko hartan ez zuen sailkatu beharrik izan, anfitrioi legez lortu baitzuen lekua. Ia 30 urte geroago, eta nazioarteko beste hainbat selekziok baino baliabide gutxiagorekin, Tokioko Jokoetarako sailkatuko da, eta hiru urteko ibilbidean gainditutako oztopoak zein eskuratutako lorpenak erakutsiko dituzte Andraka eta Goikoetxea ekoizleek zuzendari gisa osatuko duten lehen filmean.

Asier ETA Biok (Aitor eta Amaia Merino, 2014), 592 Metroz Goiti (Maddi Barber, 2018) eta Meseta (Juan Palacios, 2019) lanen ekoizle Andrakak adierazi duenez, hamar urte lehenago lankide izandako Victorren bidez ezagutu zituen Vicky eta Lucia, harekin batera gurpildun aulkiko saskibaloian, gizonezkoen talde batean, jokatzen zuten kirolari gazteak, eta hamar urte geroago, Espainiako emakumezkoen selekzioarekin Paraolinpiar Jokoetara sailkatzeko aukera zutela ikusita, haien ibilbidearen jarraipena egitea erabaki zuten 2017an.

Espainian, Portugalen, Alemanian eta Herbehereetan aritu dira grabatzen ordutik, saskibaloi pistan zein bertatik kanpo, eta kamerak jokalari bat gehiago balira bezala hartu dituzte irudiak, nazioarteko txapelketetako garaipenak, jokalarien egunerokoa eta bizitako guztia erregistratuz. Aste honetan bertan, Tokioko Paraolinpiar Jokoetan final laurdenetarako sailkatzea lortu du taldeak, eta urrezko domina sekula baino hurbilago dute.

Cabeza y Corazón dokumentala Doxa Produccionesen ekoizpena da, eta ICAAren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ez ezik, Telemadrid katearen parte-hartzea eta hainbat erakunderen babesa ditu. Andraka eta Goikoetxearekin batera, Lucila Rodriguez aritu da ekoizpenean eta Maitane Carballo zuzeneko soinuaz. Informazio osagarria Doxa ekoiztetxearen atarian dago eskuragai.