Zuzendaria: Leos Carax
Urtea: 2021
Herrialdea: Frantzia
Mugimenduan hasiko gara, oinez, eskuarekin hatzak klaskatuko ditugun bitartean. Erritmo sendoan, temati aurrera egingo dugu.., zenbat gera, lau, bat? Batuko zaigu taldera abesbatza, musikariak, guztiak pantailari begira, erronkari. Abestiak dio, has gaitezke? Baimena eskatuko baligu bezala, mehatxua bezala, agindua bezala. Ixo, entzun, istorioa hastera doa.
Leos Caraxen azken filma gogor hasten da, opera rock zinta musikala izango da. Ez naiz oso musikal zalea egia, esango dizuet. Hasiera batean arazoa izan daiteke pelikula gozatzerako garaian, baina musikazale amorratua naiz, musikeroa, eta horrek zuzendariak proposatuko digun bidean lagungarria izan daiteke. Esan beharra dago filma ez dela publiko guztien gustukoa izango, latza delako, gogorra, arantzatsua eta aurrera egingo dugun heinean ekaitzaren kontra ariko bagina bezala jardungo dugulako. Beraz, adi, benetan interesgarria den zintaren aurrean egongo baikara, baina ez da ikusle ororen gutizia izango, ezta gutxiagorik ere.
Zuzendariak dagoeneko ikasiak dizkigun elementuak azalduko dizkigu Annette lanean, koloreen erabilera, oinarrizko kolore-sorta erabiliko du, berdea, zuzendariaren obsesioetako bat dela agerian utziz. Koloretako espresionismo alemanaren zantzuak topatuko dizkiogu, Wes Andersonen ukituak, Jean-Pierre Jeunetenak, Charlie Kaufmanenak, Lynchenak, Pinocchioren alegiarenak, batzuk aipatzeagatik. Zuzendariaren aurreko lana Holly Motors dela kontutan harturik, Annette, filme sinpleagoa izango da tamaina batean, narratiboki linealagoa, baina horrek ez du egingo zinta sinpleagoa, erreferentzia, sinbolo eta iruditeriaz jantzia baitago, non begiratu, han kodifikatutako edukia topatuko baitugu.
Annettek, espektakuluaren gizarteari kritika gordina egingo dio, musikatutako tragediaz mozorrotua, bizkorra eta argia, ironiaz beteta. Bertan, Adam Driver, Marion Cotillard eta Simon Helberg izango ditugu, hirurak musikariak eta istorioaren bizkarrezur. Gizonezkoak boterean daudelako gizarte garaikidean, arriskua irudikatuko dute, maskulinitatearen irudia erronka eta irreberentziarekin lotuko dira eta, nola ez, umorearekin. Eta txalotuko ditugu.
Gizonek barre eginarazten dutelako, indarkeriarekin denean ere, arriskuarekin denean ere, boteretik egiten delako umorea, eta harmailetatik publikoak txalotuko du, miretsiko du. Adam Driver Henry McHenry da, jaun goikoaren tximinoa, eta bananak jango ditu, publikoaren txalo eta goraipamenen artean harrotuko den bitartean, zirkuko izarra izango dugu, pailazo tristearen irudia.
Ann berriz, Marion Cotillard, opera abeslaria da. Emakumezko izate etereoa, beste munduko jainkosa gutiziatua, eta Henry McHenryk (Adam Driver) ongi esaten duen bezala, hil egiten da. Aldiro hil egingo da. Aldiro, hil egingo dute. Gauero erail egiten dute. Annek sagarrak jango ditu, Evak bezala, bekatu jatorrizkoa, eta emakumearen funtzioa birsortuko du etengabe, publikoaren gosea asetzeko. Emakumeak dramatikoa behar duelako, bere sufrimenduak gure erru eta penak kitatuko dituelako. Gizonak berriz botere gosea irudikatuko duen bitartean, bortxa, lotsagabekeria eta muga guztien gaindik, inpunitatea.
Espektakuluaren gizartean bizi gara baby, txalotu, abestu, barre egin algaraka, telebistako mandoaren botoiak sakatu, berehalakotasunaren gizartean bizi gara, Like, datsegit, orain, ni, nahi dut, eman, ez dut nahi, itzaliko zaitut, itzuliko zaitut, akabatuko zaitut, egunero, gauero, erail.
Bikote protagonistaren harremana, harreman mediatikoa izango da, publiko handiaren gozagarri eta kuxkuxero guztien gutizia. Harremanaren fruitu Annette jaioko da, izarretako umea. Izarren izarra, muturreko, puntako, aldapeko, sagarraren adarraren puntan, Annette. Filma dezagun, kirikatu dezagun, ustia dezagun Annet geurea delako, publikoarena, Henry bezala, Ann bezala.
Caraxen azken zintak irakurketa maila asko eskainiko dizkigu. Musikarekin goxatuz errazagoa izango zaigu, akaso, laztasuna digeritzea. Baina laztasunaz ari naizenean, benetan ari naiz: mezua, mailu erraldoia bailitzan, gupidarik gabe jaurtiko digulako ikusleoi. Gu, funtzio guzti honen parte, eta neurri handi batean errudun. Eta ez pentsa ez dudanik antzeman hasierako eta amaierako abestia berdina dela, hitzak aldatu dizkiozula Leos, amaiera ezin latzagoa eginez. Eta bai, eskertzekoa da, kritika sarkor eta zintzoa, musikaz edertua. eta ez, ez da zinta alaia. Eta bai, merezi du ikusteak. Eta ez, ez zaitu akabatuko; baina bai, zer pentsatua emango dizu. Mila esker Leos, limusinen aparkalekuan izango nauzu esperoan, hurrengora arte.