Made in Spain Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorrak Cannesko, Rotterdameko, Málagako eta Gijóngo jaialdietatik (besteak beste) igarotako zortzi filmez osatutako hautaketa bat hartuko du jaialdiaren 69. edizioan. Horietatik erdiak lehen lanak dira, Ezekiel Montes eta Javier Tolentinoren debutak esaterako.
Donostia Zinemaldiaren baitan, zinemagintza espainiar garaikidearen lagina biltzen du urtero Made in Spain atalak. Azken urtean errodatutakoan nagusiki, Espainian estreinaturiko zein oraindik argia ikusi gabeko proiektuak izan daitezke, eta Zinemaldiak eskaintzen duen erakusleiho zabalaz baliatzen dira nazioartera salto egiteko. Sailak, gainera, SGAE fundazioaren bultzada du.
2021eko edizioan, besteak beste, Cannesko, Rotterdameko, Málagako eta Gijóngo jaialdietatik igarotako zortzi filmez osatutako hautaketa bat hartuko du bere gain:
Agustí Villaronga hirugarrenez izango da Donostian, bere azken filma aurkezteko El ventre del mar / The Belly of the Sea. Europako Zinema Akademiako sarietarako aurretiko hautaketan sartu berri dute eta film onenaren Urrezko Biznaga ez ezik, zuzendari, gidoi, gizonezko interpretazio, musika eta argazki onenen Zilarrezko Biznagak ere irabazi ditu Málagan.
Ainhoa Rodriguezen lehen film luzea, Destello Bravío, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Epaimahaiaren Sari Berezia Zilarrezko Biznaga eta muntaketa onenaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zituen Málagan. Landa-herri txiki batean errutinaren aurka matxinatzen diren emakume talde bati buruzkoa da filma.
Ama Julia de Pazen bigarren pelikula da, bakarka zuzendu duen lehena. Málagako Sail Ofizialean lehiatu zen eta Tamara Casellasek, filmaren protagonistak, Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen bertan.
Ezekiel Montesen lehen lana ‒Hombre muerto no sabe vivir‒ ere Malagako Sail Ofizialetik igaro ondotik helduko da Donostiara. Antonio Dechent da thriller honen protagonista; bizitza osoan lan egin dueneko eraikuntza-enpresan jazotzen ari den belaunaldi-aldaketaren lekuko izango den gizon bati buruzkoa da filma, eta indarkeria- eta kriminalitate-testuinguru batean gertatzen da.
Era berean, Malagako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean hautatu zuten Sedimentos / Sediments dokumentala, Adrián Silvestrek zuzendutako bigarren filma, Tesalonikako jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. Sei emakume transen bidea jarraituko du, Leongo herri txiki batera egindako bidean
Halaber, Cannesko jaialdiaren aurreko edizioan Cannes Classics sailean programatutako ez-fikziozko filma bat ‒Luis Buñueli buruzkoa‒ emango da sailean: Buñuel, un cineasta surrealista / Buñuel, a Surrealist Filmmaker. Zuzendari aragoiarra artearen munduarekin lotu du Javier Espadak, zinemagilearen haurtzaro eta gaztaroak bere filmetan izan zuen eragina nabarmenduta eta artistak munduari buruz zuen ikuspegia, zalantzak eta obsesioak biltzen zituzten filmak zuzentzen zituela islatuta.
Un blues per a Teheran / Tehran Blue, bestalde, Javier Tolentino kazetari, idazle eta zinema-kritikariaren lehen lana da. Gijóngo nazioarteko zinema-jaialdiari amaiera eman zion film honek Iranen deskribapena egiten digu, herrialde hartako tradizioaren eta modernitatearen arteko dialektika irudikatuta, zinema-zuzendari izan nahi duen poeta kurdu gazte baten bitartez.
Film dokumental onenaren eta muntaketa onenaren Goya sariak irabazi zituen film bat ere jasoko du sailak, Luis Lopez Carrascoren El año del descubrimiento / The year of the Discovery, Rotterdamen estreinatu eta beste zinema-jaialdi batzuetatik igaro ostean. Lopez Carrascok Cartagenako taberna batean kokatu du bere kamera, 1992an Espainian bizi zen euforiaren kontakizun alternatibo bat egiteko.