Donostia Kulturak 2021-2022 ikasturterako ikastaroen eskaintza argitaratu berri du. 508 ikastaro izango dira orotara, eta ikus-entzunezko alorrari dagokionez, Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean bederatzi egile ikastaro gauzatzeko aukera izango da, goi mailako euskal profesionalen eskutik. Izen-emate epea irailaren 6tik 26ra luzatuko da.
Ikus-entzunezko alorrean lehen urratsak ala trebakuntza gehigarria eskuratu nahi dituen orori zuzendutako saioak dira Larrotxe Bideok urtero eskaintzen dituen egile ikastaroak. Zinemagintzaren industrian aktibo diren goi mailako profesionalek gidatzen dituzte, eta 176 eta 242 euro arteko kostua dute, iraupenaren arabera (Donostia Kulturako harpidedunek deskontuak eskura ditzakete).
Bada, ondorengoa da 2021-2022 ikasturteari dagokion eskaintza:
- Kokatu: Lokalizazioak zinemagintzan, Maider Oleaga zinemagilearen eskutik. Urriaren 18tik 29ra, 17:30etik 20:30era, euskaraz.
- Gidoigintza, Andoni de Carlos gidoigilearen eskutik. Azaroaren 8tik 19ra, azaroaren 29tik abenduaren 3ra, eta abenduaren 13tik 17ra. 17:30etik 20:30era, euskaraz.
- Soinu bandak, Paula Olaz musikagilearen eskutik. Azaroaren 15etik 26ra, 17:30etik 20:30era, euskaraz.
- Zuzeneko soinua eta audio diseinua, Xanti Salvador soinu teknikariaren eskutik. Urtarrilaren 31tik otsailaren 25era, 17:30etik 20:30era, euskaraz.
- Dirección de cine, Pablo Malo zinemagilearen eskutik. Otsailaren 7tik 18ra, 17:30etik 20:30era, gaztelaniaz.
- Teoría del montaje, Laurent Dufreche muntatzailearen eskutik. Otsailaren 28tik martxoaren 4ra, eta martxoaren 14tik 18ra. 17:30etik 20:30era, gaztelaniaz.
- Realización de documentales, Oskar Tejedor zinemagilearen eskutik. Martxoaren 7tik apirilaren 1era, 17:30etik 20:30era, gaztelaniaz.
- Guión avanzado, Michel Gaztambide gidoigilearen eskutik. Martxoaren 28tik apirilaren 1era, apirilaren 25etik 29ra, eta maiatzaren 16tik 29ra. 17:00etatik 21:00etara, gaztelaniaz.
- Producción audiovisual, Iñaki Sagastume ekoizlearen eskutik. Maiatzaren 23tik ekainaren 3ra, 17:30etik 20:30era, gaztelaniaz.
Izen-emate epea irailaren 6an zabalduko dute, eta hilaren 26ra bitarte luzatuko da. Honakoak helduei zuzendutako saioak izango dira, eta berauetan matrikulatutako ikasleek 2021eko Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asterako abonu bat eskuratuko dute.
Informazio osagarria Donostia Kulturaren webgunean dago eskuragai.