Itsaso Echevarriak eta Mikel Barberiak Mugak izeneko ikus-entzunezkoa finantzatzeko crowdfunding kanpaina jarri dute abian, eta 5.000 euro eskuratu nahi dituzte laburra ekoizteko bere gain hartu dituzten gastuei aurre egiteko. 40ko eta 70eko hamarkaden artean, Pirinioetako bi aldeetan kontrabandoan aritutako lagunen testigantzak, bizipenak eta istorioak jasoko dituzte dokumentalean.

Bortzirietako, Baztango zein Ultzamako haranetako gizon eta emakumeek asko dute esateko 40ko eta 70eko hamarkaden artean egiten zen kontrabandoaz. Espainiako gerraosteak, Bigarren Mundu Gerrak eta frankismo garaiko Espainiaren nazioarteko isolamenduak Frantziarekin mugan zeuden lurretako autarkia eragin zuten, eta aduanako salgaien eta pertsonen kontrolaren eraginez, kontrabandoa garatu zen landa-eremuetan, herritarren ekonomia eta ondorioz, bizi-baldintzak, zertxobait hobetuz. Gauez gauzatzen zen jarduna, eta prezio-alde nabarmena zuten ala mugaren aldeetako batean debekatuta zeuden produktuekin egiten zen, hala nola, elikagaiak, abereak, hornigaiak, industria makineria, tabakoa, edariak, arropa, telebistak… Baita pertsonak ere. Diktaduraren amaierarekin eta mugen irekitze progresiboarekin indarra eta esanahia galdu zuen, baina, kontrabandoak, eta 1985ean, Europar Batasuneko Zirkulazio Askearen Schengen Akordioarekin, bizimodu baten amaiera etorri zen.

Itsaso Echevarria zuzendariak eta Mikel Barberia argazki zuzendari eta muntatzaileak 2019an abiatu zuen proiektua, kontrabandoa ezagutu zutenen testigantzak jasotzeko asmoz, haien familiaren zati bat Ultzamakoa izaki, bizimodu hura gertutik jarraitu dutelako, eta urte luzez esan ezin izan duten ala esan nahi izan ez duten hori ikus-entzunezko formatura ekartzen ahaleginduko dira. Hala, 2021eko udazkenean eta 2022ko udaberrian egingo dituzte grabaketak, eta mugez, gerraz, familiaren memoriaz, sekretuez, iraganaz, entzutearen garrantziaz, errespetuaz zein jatorriaz mintzatuko dira filmeko protagonistak. 2022ko maiatzetik abuztura egingo dute muntaketa, eta azken emaitza udazkenean estreinatzeko asmoa dute.

Lan-taldeari dagokionez, Idoia Calvo ari da ekoizle lanetan, Alvaro Garcia arduratuko da irudiaz eta diseinu grafikoaz, eta musika Lorian taldearen eskutik helduko da.

Orain arteko gastuei aurre egin eta ekoizpenarekin jarraitzeko, crowdfunding kanpaina jarri dute abian Verkami plataforman. 5.000 euro eskuratzea da helburua, eta 39 egun dituzte aurretik helburua lortzeko. Informazio osagarria topatuko duzue bertan.