Zuzendaria: Taghi Amirani
Urtea: 2019
Herrialdea: Erresuma Batua

Has gaitezen hasieratik, amaieraren hasieratik. Kolpetik.

Aurten Mallorcako Atlantida zinema jaialdian Coup 53 dokumentala estreinatu da. 1953an Erresuma Batuak eta AEBek Iranen prestatu zuten estatu kolpearen inguruko ikerketa, gaurkotasuna ulertzeko ezinbesteko giltzarria. Dokumental zirraragarria bezain mingarria.

Berriki Afganistanen gertatutakoak zabaldutako galderen harira, ezin aproposagoa suertatuko zaio ikusleari Taghi Amirani zuzendari Iraniarrak eskainitako begirada. Baina has gaitezen hasieratik, amaieraren hasiera, egin dezagun bidea burutik burura.

Taghi Amirani, Erresuma Batuan bizi den zinemagilea da. Aurkeztu duen azken lan honetan, bere aberria eta bizitza pertsonala betirako baldintzatuko zuten gertakarien inguruan arituko zaigu. Ikerketa lan luzea izan da zuzendariak dokumentala aurrera eramateko egin behar izan duena, eta lan zorrotz eta temati horren ondorioz, dokumentala beraren bilakaera, zein Iran eta mundu mailako gizartearen historia hurbilaren etorkizuna baldintzatuko zuten erabakien inguruan berri emango digu.

Coup 53 dokumentalean bi alde bereizi ahal izango ditugu, alde batetik, estatu kolpean eta testuinguru politikoan berebiziko papera jokatu zuten pertsonaiak: Persiako Sha, Norman Darbyshire (MI6 E.B.ko inteligentzia zerbitzuko kide), Kermit Roosevelt Jr. (AEBko CIAko lotura Iranen) besteak beste. Bestaldetik dokumentala garatzerako garaian, zuzendariak egindako ikerketa dela medio, jasotako testigantza desberdinak izango ditugu, eta baita  ITV telebista ingelesarentzat Granada ekoiztetxeak 1985ean egindako End of Empire: Iran (7. atala) garatzerakoan eman ziren irregulartasunak.

Benetan aztoragarria egiten da Coup 53, zeinak, bertan parte hartu zutenei egindako aitortzen bitartez, zeinak Erresuma Batuak -AEBen laguntzarekin- hartutako bide eta estrategiak aletuko dituen. Hala, kontrola edukitzen jarraitzeko erortzen hasia zen demokrazia gaztea antzutzea erabaki zutenean, nola petrolioaren jabetza mantendu ahal izateko munduaren etorkizuna baldintzatu zutenean.

Era berean, zuzendariarne lanak Mohammad Mosaddegh estatu kolpearen aurretik lehen ministro zenaren duintasuna goraipatuko du. Irango petrolio ustiapena nazionalizatu egin zuen, eta herria modernizazio eta demokratizazioaren bidera eraman nahi izan zuen, Erreinu batuko eta AEBetako interesen kontra jo zuen arte.

Coup 53 dokumental ezinbestekoa da mundu garaikidea ulertu nahi bada. Garratza oso, gazi-gozoa; geopolitika eta azpijokoaren estalkia altxa eta krudeltasun gordinena agerian uzten baitu. Elkartasuna sustatzen Persiar herriarekin du; erabaki geopolitiko eta estrategikoek suerta dezaketen pinpilinpauxa efektu gaiztoa plazaratuko du: Oh Iran, ene Iran, zenbat min egin dizuten, noizbait sendatuko ote dira irrits zikinaz egindako zauriak?

Oilo ipurdia gorputz osoan eta hotzikarari ezin eutsi egongo gara batez ere dokumentalaren azken laurdenean. Ralph Fiennesek MI6ko Norman Darbyshire espia eta konplotistaren pertsonaia hezurmamitu eta estatu kolpea gauzatuko denean: errebolta, tiroketa, iskanbila eta masa asaldatua olio margo lausotuen animazioen bitartez irudikatuko denean.

Ezinbestekoa, beraz, Taghi Amirani zuzendariak eskaintzen digun ikerketa, dokumentala, leihoa, oraina ulertzeko ezinbestekoa delako iragana itauntzea.