Hamahiru film luzek, film labur batek, telesail batek, ekoizpen fasean dagoen lan batek eta proiektu batek osatuko dute 69. Donostia Zinemaldiko euskal ordezkaritza. Icíar Bollaínen Maixabel Sail Ofizialean aurkeztuko dute, eta Mikel Gurrearen Heltzear laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean; Euskal Zinemaren eta EiTBren galetan ikusgai izango dira, hurrenez hurren, Asier Altunaren Hondalea dokumentala eta Javier García de Vicuñaren Irabazi Arte telesailaren lehen atala, eta beste 11 fikziozko eta ez-fikziozko film euskal zinemari eskainitako Zinemira atalean proiektatuko dituzte. Bederatzi dira, aldiz, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehiatuko diren proposamenak.

Gaur goizean egin dute Tabakaleran 69. Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren euskal ekoizpenen aurkezpen-ekitaldia. Protokolo zorrotzak jarraituz, argazki saioa egin dute lehenik, ohiko talde argazkirik gabe, eta zenbakitutako eserlekudun aretoko prentsaurrekoaren ostean, zizka-mizkarik gabe amaitu da ekitaldia. Aurtengoa bosgarren ekitaldia izan da, iazkoa pandemiagatik bertan behera geratu ondoren, eta datorren urtean ohiko formatua berreskuratzeko gogotsu azaldu da Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria.

Hala, Ruth Pérez de Anuncita Zinemaldiko prentsa arduradunarekin batera, jaialdiak hartuko dituen bederatzi egunetan eskaintzeko hautatuak izan diren izenburuen zerrenda eman du aditzera. Aurrez aurkeztutako Maixabel eta Heltzear proiektuez gain, Covid19-aren pandemiak eragindako itxialdian Zineuskadi elkarteak antolatutako ITXITIK deialdiaren bidez ekoitzitako zazpi proposamenek ere jaialdian lekua izango dutela nabarmendu dute, eta urtero bezala, Kimuak katalogoko filmen saio berezia egingo dute.

Bada, hain zuzen ere, Euskal Zinemaren Galan EPE-APV eta IBAIA euskal ekoizleen elkarteek, Donostia Zinemaldiarekin batera, ematen duten Zinemira saria Euskadiko Filmategiak kudeatutako Kimuak katalogoak jasoko du aurtengoan. Programak 1998an sortu zenetik euskal laburren sustapenaren alde egindako lana zein bertako sortzaileei lehen urratsak egiteko eskainitako babesa nabarmendu nahi dituzte horrela, eta Asier Altunak Donostiako Santa Klara uharteko Hondalea obraren inguruan prestatutako dokumentala izango da ikusgai ekitaldian.

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da, hain zuzen, Altunaren proposamena, nazioartean oraindik estreinatu ez diren beste zortzi lanekin batera. Horien artean zazpi, Zinemira sailaren barruan emango dituzte:

  • No somos nada, Javier Corcuera zinemagileak La Polla Records talde mitikoaren azken biraren inguruan eginiko dokumentala. Sailaren irekiera filma.
  • Aztarnak, amatasunaren bidaiak dakarrenari buruz Maru Solores zinemagileak prestatutako dokumentala. Sailaren itxierako filma.
  • Bolante baten historia, Iñaki Alforja eta Iban Toledo sortzaileek 80ko hamarkadaren hasieran desagerrarazi zuten Komando Autonomo Antikapitalistetako kide José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra-ren senideen bizipenei buruz egindako dokumentala.
  • El radioaficionado, Iker Elorrietak autismoa duen 30 urteko Nikolasen inguruan osatutako istorioa.
  • Kuarkt Valley, 2005ean Arabako Kuartango haranean filmatutako Algo más que morir lehen euskal westerna ardatz duen Maider Oleagaren dokumentala.
  • O gemer, Xabier Erkiziak zuzendari gisa osatutako lehen luze esperimentala, euskal idi-gurdien soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoa.
  • Pandemic Tour 2020 Belako, Belako musika taldeak 2020an eskaini behar zuen nazioarteko bira pandemiagatik bertan behera geratu ostean, kideek bizi izandakoak jasotzen dituen Hernán Zin zinemagile argentinarraren dokumentala.

Gainera, zinema jaialdietan ala aretoetan jada estreinatutako beste lau ikus-entzunezko barne hartuko ditu Zinemira sailak:

Garapen bidean dauden proiektuak

Bi izango dira 69. Donostia Zinemaldian parte hartuko duten amaitu gabeko proiektuak: Amat Vallmajor zinemagileak Euskal Herri post apokaliptiko batean girotutako Misión a Marte proposamen fantastikoak WIP Europa atalean izango du lekua, eta iaz Zabaltegi Tabakalera sailean Ya no duermo laburra aurkeztu zuen Marina Palacio gazteak Y así seguirán las cosas proiektua aurkeztuko du Ikusmira Berriak programaren baitan.

Azkenik, Javier García de Vicuñak prestatutako Irabazi Arte telesailaren lehen atala emango dute EiTBren galan. Filmeko protagonista Arene da, Bartzelonan bizi den futbolari nerabea. Ama hil ostean, Euskadira itzultzea erabakiko du haren aitak, eta bizitza berri bati ekin beharko dio.

Zinemaldian ikusgai izango diren euskal proiektuen inguruan gehiago jakiteko, sartu Donostia Zinemaldiaren webgunean.