Zuzendaria: Leos Carax
Urtea: 2021
Herrialdea: Frantzia

-Hasiko gara, ala? –

Kantu zein pelikula bat idazteko orduan, zine kritika bat idatzi behar denean bezalaxe, orri zuriaren estutasuna gainditu beharra dago nola edo hala. Badaude oztopo horri aurre egiteko zenbait metodo, eta batek baino gehiagok meta-lengoaia erabiltzea aukeratzen du. Horrela hasiko da, esate baterako, oraindik zer esan ondo ez dakien kritikaria: “…zine kritika bat idatzi behar denean bezalaxe, orri zuriaren estutasuna gainditu beharra dago…”.

—Hasiko gara, ala? — esango lukete, bestalde, Sparks musika taldeko Mael anaiek (So, may we start?), Leos Caraxen eskutik datorkigun musikalari hasiera emateko. Nahiz eta, paradoxikoki, hitz horiek ahoskatzean filma jada hasita egon.

Izan ere, esan genezake Sparksenaren moduko metalengoaiek agerikoa ikusgai uzten dutela. Nahikoa da kantuen izenburu esplizituak irakurtzea, Mael anaiek beraiek Leos Caraxekin batera idatzi duten musikal honen klabeak ulertzeko. So, may we start? oberturaren ondoren, Henry McHenry-ren (Adam Driver) eta Ann-en (Marion Cotillard) amodiozko istorioa We love each other so much (Zenbat maite dugun elkar!) konposizioak sudurraren aurrean jartzen digu. Annen orkesta-laguntzailea ere (Simon Heldberg) hor ibiliko da, I´m an accompanist kantatzen (Orkesta-laguntzailea naiz). Horren dira agerikoak kantuen hitzak (hain da handia meta-fikzioaren broma), non badirudien musikala parodiara hurbiltzen dela, formatuaren kode estetikoei barre eginez.

Esan bezala, eta istorioa gehiegi aurreratu gabe (uste dut merezi duela asko jakin gabe aretoetara joatea), “elkar asko maite duten” bi artistaren ibilia kontatzen zaigu pelikulan. Goi-mailako opera sopranoa da Ann; Henry, berriz, umorista ospetsua. Tragedietako ariak batetik, stand-upetako txisteak bestetik, Annette jaioko da nahasketa horretan, filmari izenburua ematen dion haurtxoa. Dotoreziaren eta barregarritasunaren arteko mugan higitzen da Leos Caraxen filma, eta Holy Motors (2012) bezain aldakorra eta deskriba ezina da: aurreko lan haren handitasuna, esperimentazioz betetako eszenaratzea, operaren imajinario kitscharen birziklapena, Ederra eta piztiaren motibo klasikoa…

Horrez gain, harritzekoa da Frankenstein honek nola lortzen duen gaurkotasuna mantentzea. Politikoki zuzena izan behar den garaiotan grazia galdu duen maskulinitatea ezin hobeki irudikatzen du Henry McHenryk. Nahita edo nahi gabe, protagonista belaunaldi baten isla bihurtzen da, orain arte edozein kontu ironia eta umorez hartu duen belaunaldiarena, alegia. Zilegi da, McHenryri bezala, Caraxen eta Sparksen umoreari eta meta-fikziozko ironiari garaia pasatu ote zaien galdetzea. Edozelan ere, badirudi etengabe agerikoa ikusgai uzten duen Annettek mila misterio ezkutatzen dituela.