Gipuzkoako ikastetxeetako gaztetxoei zuzenduta Belodromoan egin ohi zuten zinema emanaldia ikastetxeetan egin beharko dute beste urte batez. Hala, DIPC Donostia Internation Physics Centerrek eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean prestatutako saioan Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua filma eskainiko diete gazteei, eta Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoaren ikus-entzunezko aurkezpenaz gozatu ahal izango dute.

Donostia Zinemaldiko Belodromoa Ikastetxeetan ekimenarekin egin zuten bat 2019an DIPC eta Euskadiko Filmategiak, sei eta 11 urte arteko gaztetxoei zientzia zinemaren bidez helarazteko asmoz. Iaz bezala, Belodromoa ezingo dute aurten ere zinema areto erraldoi bihurtu, eta Gipuzkoako ikasleek euren ikastetxeetan antolatutako emanaldietan ikusiko dute aurtengo saiora hautatutako filma: Enrique Gato eta David Alonsok zuzendutako Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua.

.

Filmaren oinarrian arkeologia dago, Tadeo Jones protagonistak Las Vegasera egingo duelako bidaia, Sara Lavroff arkeologo ospetsuaren azken aurkikuntzaren aurkezpenean izateko: Midas errege mitikoaren lepokoa existitzen dela frogatzen duen papiroa. Eta gaiari helduta, Maria Intxausti itsaspeko arkeologo donostiarraren aurkezpena gehitu diote saioari. Mundu osoan zehar urpean murgildutako ondarea ikertzen bizitako esperientzia partekatuko du berak bideo labur baten bidez, eta gaztetxoei sortzen zaizkien galderak, saioko argazkiak, marrazkiak zein eskulanak helarazteko gonbita egingo die, berak gerora erantzuteko.

Intxausti itsas historialaria, kapitaina, urpekari profesionala eta espedizio gidaria ere bada. Belaontzi handietan egiten du lan bereziki, Itsaso Australean Aro Modernoko espedizioak eta hondoratutako itsasontziak ikertzen, eta uneotan Antartikan aritzen da bidaiariei fauna basatia, glaziarrak eta itsasoak zeharkatu zituzten lehen nabigatzaileen historia erakusten. XVIII. mendeko Habanako ontziolei buruzko doktoretza burutzen ari da.

Elkarlanaren arrakasta

DIPC zentroa fisika eta antzeko diziplinak ikertzeko nazioarteko gunea da, eta ezagutza zientifikoa gizartearekin partekatzeko ardura du. Hala, Zinemaldiarekin bat egin zuenetik, 50 ikastetxetik gorako 23.000 ikaslek hartu dute parte Euskadiko Filmategiarekin atondu dituen saioetan, eta horrez gain, zinema eta zientzia ziklo bat antolatu dute urtero Tabakaleran heldu zein Batxilergoko ikasleentzat. Dibulgazio filmak, eztabaidak eta mintzaldiak programatzen dituzte bertan.

Informazio osagarria Donostia Zinemaldiaren atarian dago eskuragai.