69. Donostia Zinemaldiaren egitarauaren barruan, (H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektoreetako emakume profesionalen elkarteak lan-jardunaldi bat antolatuko du jaialdiaren Pentsamendua eta Eztabaida topagunean. Genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaien inguruan hausnartzea, eztabaidatzea eta akordioak lortzea izango dute helburu, eta bertan landuko dituzten gaien zerrenda (H)emenek eta Zinemaldiak landuko dute elkarrekin.
Emakumezko profesionalek zinema industrian, hala nola, zinema jaialdietan, sail ezberdinetan zein eztabaida foroetan, sartzeko dituzten aukerak; jaialdien kode etikoak, emakumeen aurkako delituen aurrean; eta sexu zein genero nortasun ezberdinen aitortza eta berdintasuna bezalako gaien inguruan ardaztuko da (H)emen elkarteak Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean prestatutako saioa. Elkarrizketarako gune bat izango da, Zinemaldiak iaz sortu zuen Pentsamendua eta eztabaida ekimenaren baitan, eta espazio erreal, ireki eta errespetuzkoa eratzeaz gain, akordioak eta konpromiso publiko eta adostuak lortzeko aukera ere eskainiko du.
Bertan landuko diren gaiak bi entitateek adostuko dituzte aurrez egingo duten lanketa saioan, eta besteak beste, Johnny Depp aktoreak jasoko duen Donostia Sariaren zein antzezpen sarietan genero-bereizketa kentzearen inguruan eztabaidatuko dute. Horretarako, sariarekin jarrera kritikoa erakutsi duten kolektiboen, gizarte-eragileen eta industriako eragileen arteko elkarrizketa sustatuko dute.
Lara Izagirre (H)emen elkarteko presidente, zinemagile eta ekoizleak aditzera eman duenez, “Emakumeok gaur egungo krisien ondoriorik gogorrenak bizi ditugu […], une kritikoa da guretzat, eta uste dugu beharrezkoa dela eztabaidatzea eta hausnartzea. Eskerrak eman nahi ditugu mundua ikusteko dugun modua eta Zinemaldiak hartu dituen azken erabakiei buruzko gogoetak partekatzeko aukera emateagatik. Alabaina, hartu beharreko erabakien parte izan nahi dugu”. GTI ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko Lantaldeko kideen hitzetan, halaber, “Benetako berdintasun-testuinguru horretan funtsatuta, gure ikus-entzunezkoa eraldatzeko hainbat neurritan konpromisoak hartzeko aukera izatea izango da jardunaldi honen alderdirik interesgarriena”. Eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak, ildo beretik, konpromisoei eta ondorioak neurtzeko egutegia finkatzeari eman die lehentasuna.
Jardunaldiaz gain, dena den, berdintasun eraginkorraren aldeko lantalde iraunkorra ere sortuko dute Zinemaldiarekin elkarlanean, eta hiru hilean behin bilerak egingo dituzte lehen hausnarketa-jardunaldian aztertutako gaiei erantzun bat eman eta elkarrekin aurrera egiteko.