Kutxa Kulturren jarduera eskaintzaren barruan, hamalau urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako doako Foley tailerra egingo dute larunbatean, abuztuak 28, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. 19:00etan abiatuko da saioa, eta parte hartzaileek filmetako soinu efektuak nola sortzen diren ikasiko dute. Aurrez izena eman behar da.
Sekuentzia batean agertzen diren pertsonaia zein objektuek sortzen dituzten soinuak birsortzean datza Foley teknika, eta erraza dirudien arren, uste baino irudimen handiagoa behar da horretarako. Zinemagintzaren prozesu dibertigarri eta kuttunetakotzat hartua da, filmetan oharkabean igarotzen diren ala ontzat eman diren soinuengan gutxi erreparatzen baitugu, irudian lehenetsita. Baina istorioaren sinesgarritasuna soinuaren dimentsioan oinarritzen da, eta haren garrantzia funtsezkoa da ikusten hori barneratzeko.
Hala, film baten soinu-efektuak nola sortzen diren eta berezko soinu-banda bat egiten ikasteko, Foley ikastaroa atondu dute Kutxa Kultur espazioan. Abuztuaren 28an, larunbata, izango da, eta bertan parte hartzen duten gazteek tramankulu ezberdinak eta soinu programa zehatz bat erabiliko dituzte zuzenean lanean hasteko. Estibaliz Urresolak bultzatutako Sirimiri Films ekoiztetxeak, Pixelatu egitasmoaren bidez, gidatuko du tailerra.
Saioa 19:00etan hasiko dute Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, 4. solairuan, eta doakoa izango bada ere, aurrez izena eman behar da. Euskarazko saioa izango da, eta hamalau urtetik gorako gazteei zuzenduta dago.