Zehaztasun guztiekin ezagutzen nuen asteko zinema estreinaldiak zeintzuk ziren; gidoigile, zuzendari edo aktore konkretuen proiektu berriak jarraitzen nituen; jaialdi edo sari banaketa ezberdinetako garaileei buruz irakurri eta informatzen nintzen; azken batean zineak ilusionatu egiten ninduen.

Dramatikoegi jarri gabe, azken hilabeteetan ohartu naiz zinemak xarma galdu duela niretzat. Argi daukat aldi baterako zerbait dela, eta itzuliko zaidala filme bat ikusteak sorrarazten zidan irrika, baina egun gogogabe nago, hotz. Ez dakit nire interes galera hau noiz hasi zen, baina pandemia, konfinamendu eta horiek ekarri dituzten ondorioak daude jatorrian.

Pixkanaka eratzen joan den sentimendu bat izan da: hasteko konfinamenduak etxearen erosotasunean film eta telesailak ikustea ahalbidetzen duten plataforma horiek erabiltzera eraman ninduen. Inoiz ikustera iritsiko ez garen ikus-entzunezko katalogo amaigabea. Algoritmo batek zer ikusi nahi dugun aukeratzen ez badu orduak pasako ditugu trailerrak ikusi eta sinopsiak irakurtzen, eta aukera egoki bat topatu orduko ohera joateko ordua iritsi dela ohartuko gara.

Zinema aretoetara joateko unea iritsi zenean, lehen unean beldur apur bat izan nuen. Hilabeteak neramatzan jendearekin espazio itxi bat konpartitu gabe eta klaustrofobia puntu bat ematen zidan. Behin ‘normaltasun’ berri horretara ohitu eta beldurrak gainditu nituenean, ordea, eskaintzaz jabetu nintzen: eskaintza urriaz. Erdibidean gelditu ziren filmatze guztiak, zuzenean lehen aipatu plataformetan estreinatzen diren filmak eta orokorrean zine munduak pandemiarengatik jasan duen zartada dela eta, zinema aretoetako aukerak murriztu egin dira.

Eta orain inoren lurretan nago. Hilabeteak daramatzat zinera joan gabe, eta etxean ere ez dut osorik ikusi nuen azken filma oroitzen. Zinema areto batean egotea eta film bat ikustearen esperientzia hori jende gehiagorekin konpartitzearen falta sumatzen dut, gela ilunpean gelditzean sentitzen dudan zirrara. Itzuliko da, ziur nago, baina une honetan ni naizenaren zati bat itzalita dagoela sentitzen dut.