Donostia Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren azken hiru filmak aurkeztu ditu: europako ekoizpen bat, Asiako beste bat eta AEBko hirugarren bat. Hain zuzen, asiarrak, Zhang Yimou zuzendariaren Yi miao zhong / One Second lanak, inaguratuko du lehia.

Yimou, azken hamarkadotako zuzendari txinatar ospetsuenetako bat, estreinakoz lehiatuko da Sail Ofizialean. Zinemari eskainitako omenaldi berezia da Yi miao zhong / One Second bere film berria, eta Iraultza Kulturalaren erdian lan-esparru batetik ihes egin eta hainbat urtean ikusi gabeko alabaren irudi batzuen bila abiatuko den gizon bat du protagonista. Wei Fan eta Yi Zhang antzezleek egin dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak.

Zinema-aretoetara itzuliko da ere Michael Showalter zuzendaria, The Eyes of Tammy Faye lanarekin. Telebistako ebanjelista estatubatuar ospetsu baten gorakada eta erorketa jasotzen ditu film berriak, eta Jessica Chastain (ekoizlea eta protagonista nagusia), Andrew Garfield eta Vincent D’Onofrio aktoreek hartu dute parte bertan.

Thierry de Peretti zuzendari, aktore eta gidoilariaren Enquête sur un scandale d’EtatUndercover lanak borobildu du iragarpena. Narkotrafikoaren testuinguruan, polizia-ustelkeriaren lekuko den antzinako espioi baten kazetaritza-ikerketa batean sakondu du egileak. Roschdy Zem, Pio Marmade, Vincent Lindon eta Julie Moulier antzezleek osatu dute aktore-zerrenda.

Bada, Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren zinemagileen zerrendan sartu dira Peretti, Showalter eta Yimou, eta ondorengo zinemagileekin batera parte hartuko dute Sail Ofizialean: Ines Barrionuevo, Iciar Bollain, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Fernando Leon de Aranoa, Tea Lindeburg, Claudia Llosa, Paco Plaza, Claire Simon eta Jonas Trueba.