Adikzioen mundua, bizita eta heriotza uztartzen ditu Xanti Rodriguezen Pasaia filmak. Sitgesko Fantasiazko 54. Jaialdian aurkeztuko du, Noves Visions-Petit Format sailean.
Rodriguezek bigarren aldia izango du Sitgesen, 2018. urtean Lekaime filma aurkeztu baitzuen. Oraingo honetan, adikzioen munduan murgildu da azpeitiarra, eta zortzi minutuko proposamen “itogarria” izan da emaitza. Haren hitzetan, lanak “arreta jarri nahi du gaur egungo munduaren alderdietan”, eta bizitza eta heriotzaren arteko “pasarte bitxian” mugituko da horretarako.
Ospel Films ekoiztetxe gipuzkoarra dago proiektuaren atzean eta, ohar baten bidez azaldu dutenez, filmak argi utziko du egileak komikien mundutik bilatutako inspirazioa. Haien arabera, formatu “oso ikusgarria” duen filma da, ikuslearengan harridura eta inpaktua eragiteko asmoz sortutakoa.
Javier Barandiaren aktoreak jokatuko du rol protagonista, eta Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga -Kamikaz taldeko kideak- izango ditu lagun. Aitor Goenaga aritu da kameralari, eta Xanti Salvador arduratu da soinuaz.
Filma Sitgesko Fantasiazko 54. Zinemaldiaren Noves Visions-Petit format atalean izango da ikusgai, urriaren 7tik 17ra bitartean ospatuko den jaialdiaren egitarauan.