Anita Rocha da Silveira zuzendari brasildarraren Medusa (2021) filmak jasoko du IX. Sebastiane Latino Saria. “Beldurra, gorrotoa eta indarkeria inokulatzeko existitzen den plana” agerian jartzeko egindako saiakera nabarmendu du epaimahaiak.
GEHITU elkartearen ekimenez, homosexualen, bisexualen eta transexualen errealitatea eta balioak islatzen dituzten filmak saritzeko Sebastiane saria banatzen hasi ziren 48. Donostia Zinemaldian, 2000. urtean, eta 2013az geroztik Latinoamerikako ekoizpen onena ere nabarmentzen dute Sebastiane Latino aintzatespenarekin. Bada, bigarren saria eskuratuko duen filma aurkeztu dute: Anita Rocha da Silveira zuzendari brasildarraren Medusa (2021).
2021eko irailean gauzatuko duten 69. Donostia Zinemaldian emango du Gehitu elkarteak 9. Sebastiane Latino saria, 2020ko irailetik aurrera estreinatutako LGTBI film latino onena nabarmentzeko. Brasilgo eta Mexikoko filmak izan dira aurtengo hautagaiak, bost orotara, eta horiei guztiei gailendu zaie irabazlea.
Mariana eta bere “neskalagunen” eztanda erakutsiko duen film indartsua da Medusa (2021), eta Cannesko Quinzaine des Réalisateurs ataleko film luzeen hautaketa ofizialean parte hartu du berriki. Epaimahaiak lana saritzea erabaki du “beldurrean funtsatuta gainerako generoekin jolasten duen filma delako”, eta bide horretan, “beldurra, gorrotoa eta indarkeria inokulatzeko existitzen den plana agerian uzteko” egindako lana nabarmendu dute: “Anita Rocha da Silveirak emakumeen menpekotasunera itzultzearen aldeko moda hori desegin eta horren benetako ondorioa erakusten du: emakumeek gauzaturiko ordezko indarkeria, matxismo hiltzaileari auka egiteko. Medusan aldarrikatzen denez, matxismo ‘zuritu’ horrek, hain zuzen, ahalduntzea eragin badu eta, halaber, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren aurkako indarkeria fisikoa eta hitzezkoa askatzen badu, orduan, erreakzioak bateratua eta argia izan behar du”.
69. Donostia Zinemaldiaren egitarauaren baitan emango dute saria.