Non dago Mikel? filma Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdiaren (FICG) Dokumental Iberoamerikar Onenaren lehiaketa ofizialaren parte izango da. Datorren urriaren 1etik 9ra bitartean ospatuko da.

Sare sozialen bitartez zabaldutako erreakzio ugarietan atzeman daitekenez, poz handiz jaso dute lan taldeak zein publiko orokorrak filma hautatua izan denaren albistea. Dokumental Iberoamerikarren konpetentzia sailean parte hartuko du filmak, jatorri iberoamerikarreko beste hainbat proiekturekin batera.

Guardia zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pituk zuzendutako lana Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzi dute, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta. Iragan Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko epaimahaiak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia eman zion, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta 2020 garaikurra eman zion ikus-entzunezko kategorian, memoria historikoa jorratzen duten dokumentu-formatuko lanei eginiko aitortza gisa.

Filma zalaparta handiz heldu zen aretoetara otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.

Bada, datorren urriaren 1etik 9ra bitartean ospatuko den Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdia izango da gainditu beharreko hurrengo langa.

Gurean ere ikusgai

Itsasoz bestaldera joateko beharrik gabe ere, oraindik bada gurean filmaz gozatzeko aukerarik. Gaur bertan, esaterako, Zarrakazteluko (Nafarroa) Mojen Patioan emango dute, iluntzeko 22:00etatik aurrera. Sarrera libre eta doakoa izango du saioak.