Chloé Zhaok zuzendutako Nomadland filmak jasoko du 2021eko Fipresci Sari Nagusia, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek urteko film onena dela erabaki ostean. Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren inaugurazio-ekitaldian banatuko da.
Mundu osoko 633 kritikarik hartu dute parte bozketan, eta horren emaitza izan da film estatubatuarra gailendu dela 2020ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik. Ondorengoak izan dira garaitutako beste lau finalistak: Thomas Vinterbergen Druk / Another Round; Jasmila Zbanicen Quo Vadis, Aida?; , Alexandre Koberidzeren Ras vkhedavt rodesac cas vukurebt? / What Do We See When We Look at the Sky?; eta, azkenik, Radu Juderen Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn.
Hala, ondutako bere hirugarren film luzearekin -aurretik, Songs My Brother Taught Me (2015) eta The Rider (2017)- jasoko du Chloé Zhaok zuzendariak FIPRESCI Sari Nagusia. Modu berea, filmak jada irabazitako aintzatespenen zerrenda luzera gehituko du golardo berri hau. Izan ere, Venezian 2020an Urrezko Lehoia irabazi ostean, hainbat sari bereganatu ditu: besteak beste, film dramatiko onenaren, argazki zuzendaritza onenaren eta zuzendari onenaren Golden Globe sariak, film, zuzendari eta emakumezko aktore protagonista onenen BAFTA sariak eta film onenaren, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren Oscar sariak.
1999. urtean lehen aldiz banatu zutenetik, hamaika zinemagile ospetsuk eskuratu dute errekonozimendu hau: Michael Haneke, Jean-Luc Godard, George Miller, Maren Ade edo Alfonso Cuarón. Aurtengo edizioari dagokionez, 69. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian banatuko da, jaialdia zabalduko duen filmaren proiekzioaren aurretik.