‘THE WHITE LOTUS’
Zuzendaria: Mike White
Urtea: 2021

Paradisuzko irla loratua, berde turkesaz bustitako itsas bazterrak, etxekotutako natura basatia, historiaurre garaira garamatzan flora erraldoia.

Aloha, ongietorriak Hawai uharteen artxipelagora.

Urrutira, eskua airean leunki agurra ematen, White Lotus (Loto Zuria) opor zentruko langile eta kudeatzaileak ditugu.

Ongi etorriak bidaiariak, turistak, ongi etorriak, lehen mundu okzidental, kapitalismo berantiar postkolonialeko biztanle aberatsak, aloha, ongi etorriak. Ongi etorriak estres eta lehenengo munduko ardurez aldendu nahi duten errefuxiatuak, welcome.

Hurbildu gaitezen ikusle gisa, izate orojakile gisa fabula garaikide garratz honetara. Beha ditzagun pertsonai ñimiño hauen istorioak, elkarrekintzak, distantzia profilaktiko minimoa gorde dezagun, ironiaz igurtziz, arrarotasunez eta arroztasunez koloreztatu. Su eta urre kolore beroen filtro ezin artifizialagoa ipini diezaiogun istorioari, ohar gaitezen kontatuko zaiguna ez dela benetakoa, fikzio ezin arraroagoa baizik, arrotza.

Ezin galtzekoa da Mike Whitek gidatutako azken telesaila, Loto Zuria. Cristobal Tapia De Veer musikari eta soinu bandagile Quebectarraren musika sarkor, tribal eta berezitik hasita, txundiduraz eta irrikaz gainezkatuko gaituena. Aurretiaz, Utopia telesailaren soinu banda edo Aritz Morenoren Ventajas de viajar en tren filmean gozatu ahal izan genuen musikariaren lan aparta.

Whitek, tentuz hautatutako kastinga erakutsiko digu, pertsonaia ezin bereziagoen fauna, eskuz zizelkatutako xake piezak taula-irlaren gainean kokatuko ditu. Tragedia grekoan bagina bezala zelatatuko ditugu, izkiriatuko ditugu haien gertaeren ingurukoak.

Loto Zuria luxuzko oporraldi zentroa da Hawai uhartetan. Spa, masaje, igerileku, urpeko murgilaldi eta denetariko aktibitate gozagarri bezain zoragarriez lepo. Bertan hiru ohinarrizko bidaiari multzo jarraituko ditugu: Familia bat, bikote bat eta oporretan bakarrik joan den emakumea, guztiak dirudunak (edo ia).

Telesailak atalez atal, Agatha Christieren eleberrien eskema berdina jarraituko du. Hasi bezain pronto argituko zaigu bidaia amaitzerakoan hilketa bat suertatuko dela irlan. Gure kontura izango da , nor, nola eta zergatik izango den asmatzea. Gure besaulkitik zelatatuko ditugu, ondorioztatu, epaitu, geu izango gara Poirot edo Miss Marple, korapiloa askatzen saiatuko garenak telesailak misterioa argitu aurretik.

Bitartean telesailak, ironia eta zinismo garratzenaz marraztuko ditu pertsonaiak eta hauek bizi eta bultzatuko dituzten gertakariak. Koktel gazi-gozo irrikagarrian, ezin irrigarriagoan.

Loto zurian umorea etengabe elkarlotuko da, suizar mendia, gora-beherak emango dira ziztu bizian eta abilezia finaz filmatutako lan honetan. Baina umore guzti hau ez da hutsala izango, eta hau da White Lotus telesailari apartekotasuna emango diona. Mike Whitek gidatutako feria ero honetan hausnarketa eta kritika soziala modu ezin ederragoan plazaratuko baizaigu. Umore eta arrarotasun ia kitsch horretan, poroetatik, galaraezina balitz bezala, heze, itsaskor eta astunki galderak azalduko dira, gatazka etikoak, epaiak, eta ispilu erraldoia. Zuk lehen munduko pertsona zuri ustiatzailearen ondorengo pribilegiatu horrek, zer diozu?

Benetan gomendagarria beraz White Lotus telesaila. Umorea, intriga eta kritika soziala maisuki uztartzen dituen lana baita. Ez dizuet amaiera aurreratuko noski, baina bai, esango nuke amaierak ere asmatu egiten duela eta koherentziari eusten dioela. Mundu honetan jauntxoak eta morroiak daude, egon dira eta egongo dira. Gizarte garaikidean bizi dugun gatazka ideologiko eta diskurtsiboaren erakusle interesgarria izango da telesaila, koherentzia faltarena, klaseen arteko langa apurtzearen zailtasunaz, eta botereak eta diruak nola batzuen mesedetan jokatzen duen eta besteen kasuan zapaldu, erabili eta bahitu egiten dituen erakutsiko digu, umorearen filtroaren poroetatik drama azaltzeraino, xumeki, baina koktel gozoaren ostean ezin garratzagoa den hondarra utziz.

Eta urrunduko gara irlatik, itsasoak irentsiko ditu hondarrak, itsaskiak astinduko ditu alegiazko eszenatokia. Amets batean izan bagina bezala, kulunkatu gaitu telesailak besaulkira berriz ere, esna gaitezen bidaia honetatik, zorte pixka batekin, zerbait ikasi izango genuenaren itxaropenaz.