Euskadiko zinema-aretoen elkarteak ohar baten bidez adierazi du ulertezina dela aretoen edukiera % 35arekin mantentzea. Izan ere, pandemian zehar izandako murrizketa handiena da honakoa eta zentzurik ez duela iritzi dute, aretoak espazio seguruak direla frogatu baita.

“Orain arteko edukiera-murrizketa handiena da hau, eta aretoek ez diote zentzurik ikusten, espazio segurua direla erakutsi baitute. Aldi berean, ulergaitza da Euskadiko jarduera ekonomiko gehiena edukiera handiagoarekin garatzea inolako arazorik gabe eta zinema-aretoei murrizketa gogor hauek ezartzea”. Atsekabea eta haserrea dira nagusi Euskadiko Zinema-Aretoen Elkarteak zabaldutako irakurketan. Izan ere, azken hilabeteetan 2020ko eta 2021eko galera handien zati bat zailtasun handiz berreskuratzen hasiak ziren arren -aretoak asteko zazpi egunetan irekita zeuden eta langile guztiak ABEEtik ateratzea lortu zuten- murrizketa berriekin zaila ikusten dute jarduerari eustea.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken murrizketen harira, %35era jaitsi behar izan dute gehieneko aforoa, eta eragin zuzena du aldaketa horrek estreinaldi garrantzitsuenak hartzeko aukeran. Egindako zenbatespen baten arabera, edukiera % 60tik % 35era murrizteak hilean 600.000 euroko galera dakar, batez beste, euskal zinemetan.

Hala, EZAEko kideek neurri horiek “lehenbailehen” zuzentzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, aretoek % 60ko edukiera berreskuratu ahal izan dezaten, biziraupenaren alde borrokatzeko gutxienekoa. “Garrantzitsua da kontuan hartzea 2019ko epealdi berarekin alderatuta, 2020an euskal aretoek 10 milioi euroko galerak izan zituztela beren emaitzetan. Izan ere, 2020an, 2019ko datuen ondoan, EAEn zinemara joan ziren ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztuda, eta egoera larri horren aurrean, erakundeen aldetik jasotako laguntzak nabarmenki urriak izan dira”.

Irakurri testu osoa, hemen.