BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zine jaialdiko pelikularik onenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourraren lehen edizioa egingo dute asteburuan Izaban, aire librean. Gaueko saioa izango da, 21:30etik aurrera, anfiteatroan.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten filmen gosea aurreko urteetan baino kartsuagoa da bizi dugun pandemia garai honetan, eta horri konponbidea emateko ahaleginean ari da Mendi Tour ziklo ibiltaria.
Mendiko zinemagintza da abendu oro Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Bada, Mendi Tour egitasmoaren bidez, Euskal Herriko zein Espainiar estatuko herrietan ere erakusten dituzte aurreko edizioko film nabarmenenak.
Hain zuzen, Mendian Hil, Hirian Hil (2020) -Euskarazko Film Onena- eta Free As Can Be (2020) -Eskaladako Film Onena-, hautatu dituzte 2 ordu inguruko iraupena izango duen saiorako. Aurretik, gainera, iazko Sail Ofizialean parte hartu zuten Aterpean Ateri, Charge 2 eta The WURL film laburrak eskainiko dira.
Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira filma guztiak, azpidatziekin lagunduta. Halaber, antolatzaileek jakinarazi dute doako emanaldia izango dela eta, hortaz, sarrera librea izango dela. 21:30etik aurrera egingo dute saioa, Anfiteatroan.