#AbuztuaDonostian ekimenaren baitan, Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020) filmaren aire libreko emanaldia egingo dute gaur, 22:00etatik aurrera, Donostiako Trinitate plazan. Sarrera librea izango du, baina, segurtasun arauak medio, edukiera mugatua.
Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatu eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean zen bezalakoa; edo bai…
Asteburu “eroa” behar luken hori, are gehiago erotuko da: trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira…
Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruiz aktoreek osatutako taldeak, Mireia Gabilondoren gidaritzapean, Euskal Herri osoan aurkeztu zuten antzezlana pantaila handirako prestatzeaz arduratu ziren iragan urtean. Bada, laguntasunaren erretratu errealista bezain fantastikoak barrea eta negarra eragin zuen publikoarengan, eta orotariko iritziak zabaldu ziren arren, filmak emandako zeresanari esker, 12.000 lagunetik gora erakarri zituen lehen hilabetean zinema-aretoetara.
Uda giro epelean gozatzekoa aukera eskainiko du orain Donostiako Udalak, #AbuztuaDonostian ekimen sortaren baitan txertatutako emanaldian. Gaur iluntzean egingo dute emanaldia, 22:00etatik aurrera, Parte Zaharreko Trinitate plazan. Filma euskarazko bertsioan proiektatuko dute, baina gaztelerazko azpitituluak izango ditu.
Sarrera librea izango bada ere, antolatzaileek gogorarazi dute edukiera mugatua izango duela emanaldiak.
.
Irakurri Ixone Santamariak filmaren inguruan idatzitako iruzkina, hemen.