Hilabete amaieran abiatuko dituzte, Argentinan, Jabi Elortegi Gametxok zuzendutako El Vasco filmaren errodaje lanak. Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen eta Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzio bat da, eta Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru aktoreak izango ditu protagonista.

Mikelek (Joseba Usabiaga) protagonistak, bihotza hautsita eta lanik gabe, Euskal Herria utzi eta Argentinan bizitzeko aukera baliatuko du, bizitza berri bat hasteko gai izango delakoan.  Baina bertara iritsi, eta Euskal Herri txiki bat dirudien herri batean kokatuko da, non bertako argentinarrek, arbasoen lurraldea inoiz zapaldu ez duten arren, ‘Euskaldun izatea’ grinaz bizi duten. Mikel herria zapaltzen duen unetik, ‘Super Euskaldun’ moduko bat bilakatuko da kolonia guztiaren begietara, euskaldun-euskaldun bakarra, pertsonaia ospetsua.

Komedia kutsua izango duen fikzio hau Morrison eta Villa Maria herrietan errodatuko dute eta, Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktoreen parte hartzeaz gainera, Eduardo Blanco eta Ines Efron aktore argentinarrek osatuko dute aktore-taldea. Argentinara joan dira, halaber, Jabi Elortegi zuzendaria, Telmo Esnal (zuzendari laguntzailea) eta Jon Sangroniz (argazki zuzendaria). Aurrez aipatu bezala, Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen eta Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzio bat da lana, eta Fernando Velazquez arduratuko da soinu banda konposatzeaz.

Errodaje lanek bost astez luzatuko dira bertan, eta ondoren, Euskal Herrira itzulitakoan, Bermeon filmatuko dituzte azken eszenak.