Abian da San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeak babestutako sari-banaketaren hamargarren edizioa. Espainiako produktoreen eta Film Commission desberdinen lana aitortzea du helburu, eta bost film arituko dira lehian hura eskuratzeko: Ilargi Guztiak (2020), Baby (2020), Salir del ropero (2020), Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas (2020) eta Nieva en Benidorm (2020).
Eszenatoki bihurtzen diren hirietako filmaketekin negozio- eta enplegu-aukerak sortzen dituzte ikus-entzunezko ekoizpenek, eta lan hori saritzea du helburu Donostia-Gipuzkoa Film Commission sariak. Horregatik, 2019ko urriaren 1etik aurrera estreinatu diren eta nazio mailan produkzioaren zati bat gutxienez garatu duten fikziozko film luzeak galdegin dituzte hamargarren edizioa izango den honetara. Hogei proiektu inguruk erantzun zioten deiari, eta horietatik bostek igaro dute hautagaitzaren langa.
Grabaketa egin zen lekuaren balioak hoberen islatzen dituen film luzeak 7.000 euroko saria lortuko du ekoizlearentzat, eta 3.000 eurokoa dagokion film batzorde laguntzailearentzat. Urtero bezala, Donostia Zinemaldiaren baitan egingo dute sari-banaketa ekitaldia, irailaren 24an.
Ondorengoak dira proiektu finalistak:
- Ilargi Guztiak (Igor Legarreta, 2020) | San Sebastian Film Commission / Bilbao Film Commission
- Baby (Juanma Bajo Ulloa, 2020) | Gasteiz Film Commission
- Salir del ropero (Angeles Reine, 2020) | Lanzarote Film Commission
- Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas (Ivan Ruiz Flores, 2020) | Gasteiz Film Commission
- Nieva en Benidorm (Isabel Coixet, 2020) | Benidorm Film Commission