Mel Arranz gasteiztar gaztearen lehen laburra da Azaletik azalera, Kalakalab laborategiaren babesarekin ekoitzitako animazioa. Kimuak 2021 katalogorako hautatua izan da filma, eta pixkanaka nazioarteko jaialdietan hartuko du parte. Filmaren sortze prozesuaz, izandako kontraesanez eta jasotako babesaz mintzatu zaigu Arranz.

Haurra zenetik gustatu zaio zinemagintza, eta marrazketarekiko zuen zaletasunari irudiaren eta mugimenduaren laguntzarekin eman dio forma ordutik. Kalakalab laborategiari eta 2017ko Zineleku udalekuei lotuta daude bere hastapenak, eta Arte Ederrak ikasi bitartean Mexikon eginiko egonaldian otu zitzaion laburraren ideia, prozesua handik bueltan abiatu zuen arren.

Kontraesanen aurrean erantzunak bilatzen ahalegindu da, analogikoaren eta digitalaren arteko elkarrizketaren bidez, tartean, eta gure galderen aurrean zorrotz azaldu da, lanen mezuaren beharrezkotasuna zalantzan jarriz: “Ez dut uste nire pelikulak mezurik duenik, eta ez dakit zergatik joan behar garen horren bila”. Animaziogilearen lana zein bakartia den ikasi du azken bi urteetan, Azaletik azalera osatzen duten 1.500dik gora irudiak eskuz marraztu bitartean, eta prozesu osoan zehar Kalakalabek eskaintako laguntza eskertu du: “Oso garrantzitsua iruditzen zait prozesuan sartuta dagoen norbait alboan izatea”.