EITBren webguneak euskal zinemari eskainitako erakusleiho berria izango du aurrerantzean. 2020an eta 2021ean estreinatutako EITBren parte-hartzea duten hamasei filmen inguruko informazioa kontsultatzeko aukera eskaintzen du uneotan, tartean, lanaren fitxa teknikoa, trailerra eta filmaren inguruan argitaratuko albiste eta elkarrizketak.

“Zinemarekin duen konpromisoari leial, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak, emakumeak buru dituztenak eta balio berriak bultzatzen ditu EITBk”, adierazi dute ohar bidez euskal telebista publikoko arduradunek, eta apustu sendo hori bistaratzeko asmoz, webgunean bertan atal berezi bat sortu dutela aditzera eman dute. EITB euskal zinemaren bat du izena, eta uneotan, 2020an eta 2021ean estreinatutako hamasei film eta dokumental ageri dira zerrendan. Haien inguruko informazioa kontsulta daiteke, hala nola, filmaren zuzendaria, aktore nagusiak, ekoiztetxea, generoa eta estreinaldiaren eguna, baita sinopsia, trailerra eta filmarekin lotutako albiste eta elkarrizketak ere.

Ikusgai dauden proiektuen artean dira iaz Donostia Zinemaldian estreinatu ziren Lara Izagirreren Nora (irailaren 3an helduko da zinema areto komertzialetara), Pablo Agüeroren Akelarre (bost Goya sari lortu zituen proiektua) eta David Pérez Sañudoren Ane (beste hiru Goya erdietsi zituena). Era berean, euskal musikarien inguruko El Drogas eta Dardara dokumentalek ere badute tartea, eta aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean ikusgai izango den Iciar Bollainen Maixabel ere ageri da.

Datorren asteartean EiTB2ko La Noche De… saioan eskainiko duten Mireia Gabilondoren Erlauntza eta oraindik estreinatzeko datarik ez duten Helena Bengoetxearen Matrioskas, las niñas de la guerra dokumentala eta Ibon Cormenzanaren La cima filma ere barneratu dituzte datu-basean, Imanol Rayoren Hil kanpaiak eta Asier Altunaren Arzak, since 1897 proposamenekin batera. Pixkanaka, film berriak estreinatu ahala, bertan sartzen joango direla azaldu dute.