Donostiako Udalak, Abuztua Donostian izenburupean, 2021eko abuztuko kultur ekitaldien egutegi oparoa atondu du hiriburuko auzo guztietan, eta ikus-entzunezkoei dagokienez, zortzi dira Zinema Kalean programan eskainiko dituzten filmak, tartean, Agur Etxebeste! (Telmo Esnal eta Asier Altuna, 2019) eta Errementari (Paul Urkijo, 2017) euskal proposamen laudatuak.
Donostiak ere uda sasoiko gauak aprobetxatu nahi ditu adin guztietako herritarrei doako zinema eskaintzeko, eta hiriko plaza, frontoi zein eskoletako patioak baliatuko ditu euskarazko filmak nagusi dituen egitaraua bistaratzeko. Gaur bertan, abuztuak 6, egingo dute lehen emanaldia Bidebietako frontoian, eta 22:00etan hasita, Telmo Esnalek eta Asier Altunak Donostia Zinemaldian estreinatu zuten Aupa Etxebeste! (2005) filmaren bigarren atala izango, 2019ko Agur Etxebeste! komedia dramatikoa, da ikusgai.
Zortzi filmen artean bost euskaraz eskainiko dituzte, beste bi gaztelaniaz, eta Dilili à Paris (Michel Ocelot, 2018) ekoizpen frantziarra gaztelaniaz emango duten arren, euskarazko azpidatziak izango ditu.
Ondorengoa izango da Zinema Kalean ekimenaren egutegia:
- Abuztuaren 6an, ostirala, Agur Etxebeste! (Telmo Esnal eta Asier Altuna, 2019) euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin, 22:00etan Bidebietako frontoian.
- Abuztuaren 7an, larunbata, Errementari (Paul Urkijo, 2017) euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin, 22:00etan Egiako Martin Santos plazan.
- Abuztuaren 13an, ostirala, Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020) euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin, 22:00etan Alde Zaharreko Trinitate plazan.
- Abuztuaren 14an, larunbata, Dilili à Paris (Michel Ocelot, 2018) gaztelaniaz, euskarazko azpidatziekin, 22:00etan Loiolako Erriberetako Ikasbide Ikastolako patioan.
- Abuztuaren 19an, osteguna, The Addams Family (Conrad Vernon eta Greg Tiernan, 2019) gaztelaniaz, 22:00etan Gros auzoko Kursaaleko Zurriola terrazan.
- Abuztuaren 21ean, larunbata, Playmobil: The Movie (Lino DiSalvo, 2019) euskaraz, 22:00etan Altzako Harrobieta plazan.
- Abuztuaren 27an, ostirala, Lego: The Film 2 (Mike Mitchell eta Trisha Gum, 2019) euskaraz, 22:00etan Benta Berriko Jose Maria Sert plazan.
- Abuztuaren 28an, larunbata, Lupin III: The First (Takashi Yamazaki, 2019) gaztelaniaz, 22:00etan Amararako Amara Berri-Ferrerias ikastatxeko patioan.
Horrez gain, abuztuaren 19tik 22ra, ostegunetik igandera, Aquariumeko zinema zikloa eskainiko dute egunero 12:00etan, doan. Informazio osagarria Donostiako Udalaren programazio orrian kontsulta dezakezue.