Ikasturte berria abiatzeko gogoz dira Donostiako Kresala Zineklubeko arduradunak, eta oporraldi bete-betean iragarri dute abuztu amaieran zein irailean eskainiko duten filmen zerrenda. Lau proposamenekin osatu dute egitaraua, tartean, nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu duen Dominik Moll frantziarraren Seules les bêtes. Abuztuaren 15ean jarriko dituzte sarrerak eskuragai.

Norvegiatik, Frantziatik, Argentinatik eta AEBtatik ekarritako film banarekin ekingo dio 2021-2022 denboraldiari Donostiako Kresala Zineklubak. Azken hiletan estreinatutako dramak dira guztiak, nazioarteko jaialdietan ibilbide oparoa egin duten ekoizpen interesgarriak, eta abuztu amaieratik irailaren hondarretara bistaratuko dituzte, ohi bezala, astearteetan Trueba zinemetan.

Lehena Barn norvegiarra izango da, Dag Johan Haugerudek 2019an estreinatu zuen politika giroko drama. Izan ere, Alderdi Laboristako kide baten 13 urteko alabak eskuineko politikari baten semea zaurituko du eskolako jolas-ordu batean, eta handik gutxira ospitalean hilko da gaztea. Gertatutakoaren inguruko bertsio ezberdinak zabalduko dira, eta auziak dimentsio handia hartuko du. Jolas soil bat izan ote zen? Abuztuaren 31n izango da ikusgai.

.

Kritikaren oniritzia jaso duen Seules les bêtes frantziarra, aldiz, irailaren 7an proiektatuko dute. Dominik Mollek zuzendu du Colin Nielen eleberri homonimoaren egokitzapena, eta emakume baten desagerpenaren ondorengo gertakarien kontaketa egingo du. Poliziaren ikerketaren arabera, bost lagunek dute zerikusia kasuarekin, eta haietako bakoitzak sekretu bat gordeko du.

.

2019an estreinatutako Ezequiel Raduskyren Planta permanente komedia dramatikoak, bere aldetik, Lila eta Marcelaren istorioa du ardatz. Eraikin publiko bateko jangelan egiten dute lan, eta eguneroko martxari aurre egiteko sistema bat garatu dute urteen poderioz. Baina zuzendari berri baten iritsierak egoera aldatuko du, eta errutinazko lanak bizirik irauteko borroka bilakatuko ditu. Irailaren 14an eskainiko dute filma Kresalan.

.

Robert Machoian estatubatuarraren The Killing of Two Lovers, azkenik, hilaren 28an izango da ikusgai. Banandu berri den bikote batek bizimodu berrira egokitzeko egingo dituen ahaleginak pantailaratuko dituen film independentea, Clayne Crawford eta Sepideh Moafi aktoreekin.

.

Emanaldien inguruko informazio Kresala Zineklubaren webgunean dago eskuragai.

Sarrerak eta Kresala Laguna Txartela

Iragan ikasturte amaieratik, Kresala Laguna Txartelak daude eskuragai zineklubaren atarian. Emanaldietarako sarrerak merkeago eskuratzeko ez ezik, leku jakin bat gordetzeko, Kresalak antolatutako gainerako jardueretan parte hartzeko zein materialen zozketetan parte hartzeko aukera ematen dute, eta ikasturte hasiera une egokia da izena emateko. Bi txartel mota jarri dituzte eskuragarri, informazio osagarria duzue jarraian. Horrez gain, sarrerak abuztuaren 15etik aurrera egongo dira salgai Kresalaren webgunean bertan.