True Mothers (Madres verdaderas)

Naomi Kawaseren proposamen berriena iazko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialen lehiatu zen, Torontoko jaialdian estreinatu ostean, eta kritikak harrera epela egin zion amatasunaren eta adopzioaren inguruko gogoetari. Satokok eta bere senarrak gogor borrokatu dute haurdun geratzeko, baina haurra heltzen ez dela ikusita, adoptatzea erabakiko dute. Hainbat urte geroago, Hitari azalduko da, haurraren ama biologikoa dela dion neska ezezaguna, eta Satokok aurre egingo dio.

.

Teräsleidit (Damas de hierro)

75 urteko Inkerik senarra hil berri du zartaginarekin buruan kolpea emanda, eta etxeko lorategian lurperatu nahi du. Bizitza osorako espetxeratuko dutela jakinik, bidaia eroa abiatuko du Finlandiako errepideetan barrena Sylvi eta Raili ahizpak lagun. Pamela Tola finlandiarraren proposamena Europako Zinemaren Sarietan hautagaia izan zen iaz, komedia onenaren kategorian.

.

The Suicide Squad (El escuadrón suicida)

2017an David Ayer zinemagileak zuzendutako filmaren bertsio berria da honakoa, James Gunnen aginduetara. Belle Reve izeneko segurtasun handiko espetxean dauden bilauen ihesaldia du ardatz, eta Task Force X taldearekin egingo duten lankidetza harremana erakutsiko du. Aurreko filmeko zenbait aktorek errepikatu dituzte paperak, hala nola, Margot Robbie, Rick Flag, Viola Davis eta Jai Courtney Hollywoodeko izarrek, eta kritikaren hitzetan, bigarren atal hau ikusgarriagoa da.

.

Três Veroes (Tres Veranos)

Sandra Kogut zinemagilearen dramak Brasil garaikidearen erretratua egingo du, 2018ko ezbeharraren aurretik, Gabon garaian urtero elkartzen den familia aberatsaren hondoratzearen bidez, haientzat lan egiten duen langilearen eta adineko aitonaren ikuspegitik. Hala, 2015eko, 2016ko eta 2017ko Gabonetan antolatutako ospakizunetan sendiak bizitako gorabeherak erakutsiko ditu ikus-entzunezkoak. Malagako jaialdian emakumezko aktore onenaren saria (Regina Casé) eta kritikarena lortu zituen filmak.

.

Cat in the Wall (Pequeños milagros en Peckham Street)

Londresen bizi den Irina ama ezkongabe bulgariarrak arkitekto gisa arrakasta lortzea du amets. Udalak kudeatutako bizilekuen komunitate batean bizi da, eta bizilagunek ez bezala, Irinak uko egin dio diru laguntzak jasotzeari. Hala, sistemaren aurka borroka egiteko konbentzitu nahi ditu bizilagunak, baina etxeko paretan azalduko den katuak aurrez aurre jarriko ditu. Inmigrazioari buruzko komedia dramatikoa 2019an aurkeztu zuten Vesela Kazakova eta Mina Mileva zinemagile bulgariarrek, eta Locarnoko, Valladolideko eta Sarajevoko zinema jaialdietan izan da ikusgai.

.

The Boss Baby: Family Business (El bebe jefazo: Negocios de familia)

Asteko haurrentzako proposamena 2017ko film homonimoaren bigarren atala da, Tom McGrath zinemagileak gidatutako animaziozko proiektua. Oraingoan, Templeton anaiak heldu bilakatu dira, eta elkarrengandik aldenduta daude. Ikuspegi berritzailea duen haur berri baten etorrerak, baina, negozio berri bati ekiteko batuko ditu.