Donostia Zinemaldiaren testuinguruan, TECNALIAK eta Tabalakerak antolatzen duten Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia den Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren hirugarren ekitaldia egingo dute aurten, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesarekin, eta Danimarkatik, Espainiatik eta Frantziatik heldutako bost proiektuk hartuko dute parte.

Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa ikus-entzunezko arloan teknologia berriak txertatzeko proiektuak garatzen dituzten Europako talde ekintzaile eta startup sortu berriei zuzenduta dago, eta haien egitasmoak aurrera eramateko finantzaketa eta bestelako baliabideak eskaintzen dizkie. Hirugarren ekitaldira zortzi herrialdetako 37 proposamen aurkeztu zituzten, eta horien artean bost aukeratu dituzte finalista gisa, ondorengoak:

  • Kinetix proiektu frantziarrak 3D animatzaileak eta estudioak adimen artifizialeko baliabideekin hornitu nahi ditu, prozesuak sinplifikatu eta bizkortzeko.
  • Klipworks daniarrak bideo-edukien sortzaileei beste lankide batzuek sortutako materiala eskuratzeko eta erabiltzeko baliabideak eskaintzen dizkie, AWS web zerbitzuen teknologiaren bidez.
  • OWO Entertainment espainiarra film bat ikusten ari den bitartean erabiltzaileari sentsazio fisikoak sentiaraziko dizkion jaka haptiko bat garatzen ari da.
  • Panoramic Plates espainiarra zinemarako eta telebistarako mugimenduan dauden 360º hondoak filmatzeko zerbitzua da.
  • Raccorder scriptentzako aplikazio mugikorra da, eta baliabide guztiak euskarri digital batean bildu eta filmaketei buruzko informazioa aurkitzea errazten die.

Parte hartzaileek Euskadiko Teknologia Parkeeen Sarean, inkubaziogune batean, urtebetez proiektuan lanean aritzeko aukera izango dute, eta berau garatzeko 500.000 euro arteko finantzaketa eskuratu ahal izango dute. Gainera, proiektu irabazleak 10.000 euro jasoko ditu.

Zinemaldia & Techonology jardunaldiek ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzei buruzko hausnarketa eragitea dute helburu, eta lehiaketaz gain, Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean, jardunaldi gehiago egingo dituzte urtean zehar. Informazio osagarria Zinemaldiaren atarian duzue eskuragai.