Haur, gazte zein helduentzako zinema eskaintza zabala prestatu dute Gasteizen abuztuko asteburuak girotzeko. Joan zen ostiralean, uztailak 30, Santa María Katedralaren plazan 22:00ean eskaini zuten Lur eta Amets (Imanol Zinkunegi, 2019) animazioarekin ekin zituzten saioak, eta larunbatean Qu’est-ce qu’on a encore fait au bon Dieu? (Philippe de Cahuveron, 2018) komedia frantziar arrakastatsua izan zen ikusgai leku eta ordu berean. Irailaren 2ra bitarte, beste sei proiekzio atondu dituzte.

Aire librean eta segurtasun distantzia mantenduta, dozena erdi bat zinema emanaldi egingo dituzte Gasteizen datozen asteetan, uda garaiko jarduera kuttunetakoa denari bide emateko. Joan zen astean hasi zituzten saioak haurrei eta helduei eskainitako film banarekin, eta datozen asteetan, Gasteizko parke eta lorategiak umorezko eta abenturazko lanekin beteko dira Play Gasteizen ekimenez. Ostiralean, abuztuak 6, Juanma Bajo Ulloaren Airbag klasikoaren txanda izango da, eta Armentiako zelaietan, 22:00etan hasita, Karra Elejalde protagonista duen 90eko hamarkadako komedia txoroaz gozatzeko aukera izango da. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

 

Hilaren 13an, aldiz, Iparraldeko parkeko frontoi frantziarrean Dani de la Ordenek zuzendutako Hasta que la boda nos separe (2020) komedia erromantiko espainiarra proiektatuko dute 21:30ean, Belén Cuesta, Alex García, Silvia Alonso, Antonio Dechent, Mariam Hernández eta dozena bat aktore espainiar ezagunen parte-hartzearekin. Eta hurrengo larunbatean, abuztuak 21, Fernandez de Pierola Apezpikuaren Lorategietan, 90eko hamarkadako Jumanji klasikoaren 2017ko bertsio eguneratua, Jumanji: Welcome to the Jungle, izango da ikusgai, 21:30ean.

 

 

Abuztuaren 27an, ostirala, Santa María katedralaren plazan egingo dute The Princess Bride (Rob Reiner, 1987) abenturazko film fantastikoaren proiekzioa 21:15ean, Robin Wright eta Cary Elwes protagonista dituena, eta hurrengo egunean, larunbata, ordu eta leku berean, Santiago Seguraren Padre no hay más que uno 2: La llegada de la suegra (2020) izango da ikusgai.

 

 

Eta irailaren 2an, azkenik, Zumaia plazan Korterraza jaialdiko Txiki atala, haurrei zuzendutako film laburrez osatutakoa, eskainiko dute 21:00etan. Munduko animazio eskoletako eskaintza anitz eta interesgarriena proiektatuko dute bertan, eta jaialdiaren atarian kontsulta daiteke egitaraua.